«Trantsizio denboraldia izan da, baina pozik gaude egin ditugun aldaketekin»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

Asier Irazusta, Goyo Villoria eta Maria Eugenia Azurza, Kronikarako elkarrizketan.

Denboraldia bukatu berritan, urteko balorazioa egiten hasi dira Hernaniko Eskubaloi Taldeko kideak. Asier Irazusta, Goyo Villoria eta Maria Eugenia Azurza «pozik» daude «trantsizio urtean» egindako lanak eman dituen emaitzekin.

Denboraldia bukatu berri dute bailarako kirol taldeek, eta urtearen balorazioa egiteko fasean daude klubak. Kirol emaitzei eman ohi zaie garrantzia halakoetan, baina aldagai gehiago hartzen dituzte kontuan Hernaniko Eskubaloi Taldeko kideek. 

Aldaketak eta berritasunak txertatzen aritu dira azken urteetan, eta «lanean jarraitzeko gogoz» amaitu dute urtea Asier Irazustak, Goyo Villoriak eta Maria Eugenia Azurzak. Zuzendaritza batzordeko kidea da Irazusta, zuzendari teknikoa Villoria eta komunikazio arduraduna Azurza. Hiruek bat egin dute urte hau «trantsizio urte» gisa definitzean: «Zuzendaritza batzordea guztiz berritu genuen urte hasieran, zuzendari tekniko berriarekin, eta egiteko beste modu bat txertatu nahi izan dugu talde guztietan; metodologiatik hasi eta sistemetaraino». 

Aldaketa oro izaten da zaila hasieran, eta hiru kideek aitortu dute «lan karga haundia» izan dela; hala ere, gauzatutako egitasmo guztietan islatu dute zuzendaritza batzorde berriaren freskotasuna: «Denboraldi hasieratik egin ditugu gauza desberdinak; Euskadiko Kopa antolatzeko ardura hartu genuen, formakuntzarekin lotutako ekintzak egin ditugu, kanpusak ere bai... Eta horrela jarraitzea espero dugu». Ekintza horietan, gainera, ospe haundiko pertsonek parte hartzea lortu dute; lehenengo formakuntza saioan Jorge Dueñasek hartu zuen parte, eta bigarrenean, abuztuaren 19an, Jordi Ribera izango da Hernanin; Espainiar Selekzioko egungo hautatzailea da Ribera, entrenatzaileen artean maila gorena duena. 

Hain justu, entrenatzaile kurtsoa izango da Hernaniko Eskubaloi Taldeak antolatuko duen hurrengo saioa: «Gipuzkoako Federazioarekin elkarlanean antolatuko ditugu formakuntza saioak, uztailaren 3tik 13ra izango dira, Hernanin bertan. Garrantzitsua da talde bakoitzean entrenatzaile gehiago izatea», azaldu dute. 

Antolatutako egitasmo guztietan izan den parte hartzeak «pozik» mantentzen ditu klubeko kide guztiak. Kanpusetan, esaterako, gaztetxo pila bat biltzea lortu dute urte honetan: «Arrakastatsuak izan dira ekintza gehienak, taldea ere asko hazi da, eta eskubaloiarekin lotura zuen jendea berreskuratzen ari gara». Momentu honetan 152 jokalarik osatzen dute Hernaniko Eskubaloi Taldea, gehienak hernaniarrak: «Gure jokalarien %89a hernaniarra da. Guretzat oso garrantzitsua da datu hori, kirola bera herrian indartsu dagoenaren adierazlea delako». 

Eskubaloiak tradizio haundia du Hernanin, eta emaitza bikainak lortu zituzten 80ko hamarkadan. Zenbait jokalarik, gizonezkoak zein emakumezkoak, gorengo mailetara iristea lortu zuten, eta zaletu ugari bertaratzen ziren partiduak ikustera. Egungo testuingurua ezberdina da, pixkanaka berreskuratzen ari dira lehengo tradizioa, eta «moldaketa berriak» eman nahi dizkiote Hernaniko eskubaloiari: «Helburua ez da garai batekoa berreskuratzea. Egungo markoan kokatu, modelo berriak eraiki eta zaletasuna piztea da gure nahia. Hori da ideia, baina badakigu ez dugula egun batetik bestera lortuko». 

 

«2024-2025 denboraldirako emakumezkoen senior taldea izatea da helburua»

Hernanik, momentuz, ez dauka emakumezkoen talderik senior mailan. Pixkanaka geroz eta neska gehiago ari dira eskubaloia probatzera animatzen, eta talde gehiago izango dituzte datorren denboraldian. Hala ere, senior mailako emakumezkoen taldea 2024-2025 denboraldirako ateratzea da aurreikuspena: «Ahal dugun guztia egiten ari gara. Adin zaila izaten da, jende askok kanpoan ikasten duelako. Hurrengo denboraldian emakumezkoen bi talde gehiago izango ditugu, kadeteetan eta jubeniletan, eta aurreikusten dugu hemendik bi denboralditara senior mailan jokatuko dutela».

Gizonezkoen taldearen kasuan, zapore gazigozoa utzi du klubean Hernaniren denboraldiak. «Berandu xamar» eman diote buelta bolada txarrari, eta kirol emaitzengatik igoera lortzeko aukerarik gabe geratu dira: «Baditugu igoera pistan lortzeko moduko jokalariak, eta garrantzitsua da klubarentzat goiko taldeak maila altuagoetan finkatzen joatea». Dena den, senior mailako taldeak denboraldian zehar egindako esfortzua positiboki baloratzen dute klubeko kideek: «Balorazioa positiboa dela esango genuke. Egia da berandu eman diogula buelta bolada txarrari, baina kontuan izan behar dugu taldekide gehienak jubenilak direla. Oso lehiakorrak izan dira haiena ez den kategoria batean».

Gainera, Irazustak, Villoriak eta Azurzak hasiera hasieratik aipatu dute kirol emaitzetatik harago doala klubaren balorazioa. «Oso pozik» daude, esaterako, jokalarien konpromezu mailarekin: «Asistentzia, jarrera, hobetzeko gogoa... Kategoria guztietan nabaritu dugu aldaketa hori. Entrenatzeko planteamenduak ere eragin haundia izan du horretan; jokalariei ematen badiezu jokoa ulertzeko modu berri bat, intentsitatea eta seriotasuna uztartuta, eta baliabideekin bultzatuta... Asko erakartzen ditu». Datuei erreparatuta, %94 inguruan dago asistentzia maila klubeko talde guztietan. 

 

Txiki geratzen ari zaie entrenatzeko eremua

Etengabeko hazkuntzaren ondorioz, zenbait arazo izaten ari dira Hernaniko Eskubaloi Taldeko kideak: «Talde gehiago izan nahi ditugu, entrenamendu ordu gehiago nahi ditugu, baina pista guztiak beteta daude dagoeneko. Udaletxetik hausnarketa prozesu bat egin behar dute, talde bakoitzaren beharretara egokitu ahal izateko. Hernaniko gazteek osatzen dituzte gure taldeak, eta batzuetan ezin dute entrenatu, pista guztiak beteta daudelako. Zerbait birpentsatu behar dute».  

Eskubaloi entrenamendu on bat egiteko pistaren zati haundi bat behar dute: «Gutxienez 20x40 metro behar dugu ondo entrenatzeko. Beste kirol batzuetan ez dute halako beharrik, baina guk bai». Datorren denboraldiari begira konponbide bat bilatzeko eskaera egin dute, talde gehiago izango dituztelako. 

 

«Hazten jarraitu nahi dugu»

«Ilusioz eta gogotsu» begiratzen diote etorkizunari Irazustak, Villoriak eta Azurzak. Pixkanaka hazten jarraitzea da helburu nagusia, jokalari kopuruan eta taldeen mailan: «Taldeak mailaz igotzen joatea da daukagun ilusioetako bat. Hemendik urte batzutara Euskal Ligan jokatu ahal izateko». 

Horrez gain, jokalarien eta inguruaren «inplikazioa» aipatu dute, klubak «behar beharrezkotzat» dituelako: «Oso garrantzitsua da familien eta gazteen inplikazioa, une hauetan asko kostatzen da lan boluntarioa egitea, baina gure nahia da denborarekin jende gehiago erakartzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!