Ostegunean egin zuten 'Maialen' traineruaren aurkezpena, Zinkoenean

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

'Maialen' traineruan lehiatuko duten arraunlariak, aurkezpen ekitaldian.

Gaztetxoek irabazitako banderak erakutsi zituzten, eta omenalditxoa egin zieten gurasoei.

Ostegun arratsaldean egin zuen Hernaniko Arraun Elkarteak 'Maialen' traineruaren aurkezpen ekitaldia. Elkarteko talde guztiek hartu zuten parte, gaztetxoek irabazitako banderak erakutsi zituzten, eta haurren gurasoei omenalditxoa egin zien elkarteak, urtean zehar izandako konpromezuagatik. 

Gaztetxoen ondoren, Beñat Odriozola igo zen oholtzara. Arraun egokituan lehiatuko du udan, eta erronka potolo bat dauka begibistan: Espainiako Txapelketa. Bertan arituko da datorren asteburuan, eta «denbora txukuna» lortzeko esperantza dauka: «Denboraldi polita egiten ari gara, eta bertan ondo aritzea bikaina izango litzateke». 

Jubenilak eta seniorrak izan ziren oholtzara igotzen azkenak, 'Maialen' traineruan arituko diren neskak, besteak beste. Gaur bertan hasiko dute denboraldia Lapurdin, eta bihar Hernaniko Bandera jokatuko dute, Donibanen. Ostegunean taldeko nagusienei egokitu zitzaien hitza hartzea, eta Estitxu Zabalak nabarmendu zuen «taldea oso batuta» dagoela: «Argi daukagu ez gatozela jolastera, asteburu honetan gure bandera jokatuko da, eta jendea animatu nahi dugu bertan izatera». Ainitze Kalonje elkarteko lehendakariak ere talde izaeran jarri zuen azpimarra: «Urte guztiko lanaren emaitza da hau, gazteekin zein helduekin egindakoa». 

Ekitaldia Ekain Tolaretxipi bertsolariak itxi zuen:

Nabaritzen da badagoela
guztian nahiko nibela
Trainera edota trainerilla
eskifa edo batela
Ikusten da bai arrauna Hernanin
bizirikan dagoela

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!