Emakumeentzako etxeratze kolektiboak antolatu ditu Itaiak, Biteritik, San Joanetako hiru egunetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

Etxeratze kolektiboak Euskal Herrian zehar antolatu ditu Itaiak azken urtean.

Ekainaren 23an, 24an eta 25ean bi txandetan izango dira; goizeko 02:00etan eta 04:00etan. Turnoetarako bolondresen laguntza eskertuko dute eta horretarako Itaiaren sare sozialak erabili daitezke edota 667 848 097 telefono zenbakia.

Hernaniko Itaiak etxeratze kolektiboak antolatuko ditu San Joan jaietan, ekainaren 23an, ekainaren 24an eta ekainaren 25ean. Itaiako kideen esanetan, «San Joan jaietako hiru lehenengo egunetan izango da eta puntu erreferentzial bat jarriko da Biteriko kanpoaldean, jendea bertara joateko. Gaueko bi kedada edo zita jarriko dira: goizeko 02:00etan lehenengoa eta goizeko 04:00etan bigarrengoa».  

Zita bakoitzean Itaiako kide batzuk egongo dira eta turnoetan partehartzeko deia egingo da Hernanin. «Lagundu nahi duen guztiari animatu nahi zaio partehartzera. Orduro pertsona kopuru bat egongo da eta gerturatzean jendearen arabera ibilbide desberdinak antolatuko dira mundu guztiari lagundu ahal izateko eta auzo guztietara iristeko». 

Lehendabiziko aldia da Hernanin Itaiak honelako egitasmo bat antolatzen duena. «Euskal Herrian izan dira esperientzi gehiago eta gure inguruan aurretik Urnietan eta Andoainen egin izan dira. Esperientzi oso positiboak izan ziren gainera».

 

Turnoetan partehartzeko deia egin du Itaiak

Azkenengo urteetan emakumeen aurkako erasoetan gorakada izan da. «Jai edo festen giroan jasotako igoeraren aurrean, pasa den urtean jarri ziren martxan etxeratze kolektiboak. Emakumeek eta batez ere neska gazteek beldur asko izaten dute herriko festetan.  Pasa den urteko udan martxan jarri genituen etxeratze kolektiboak, herri ezberdinetan, eta egia esan Euskal Herri mailan nahiko harrera ona izan dute. Urnietan eta Andoainen jende askok parte hartu zuen eta nahiko balorazio ona egin da». Hori horrela izanik, Hernanira egin dute salto Itaiakoek. 

Horrelako etxeratze kolektiboak antolatu behar ez izatea izango litzateke egoerarik hoberena, baina errealitatea ez da hori. Honela, «gaur egun bizi dugun indarkeria matxistaren aurrean, erasoak igo egin dira, etxeratze kolektiboak beste tresna bat dira». 

Emakume guztiei daude zuzenduta etxeratze kolektibo hauek. «Adin guztietako emakumeei daude zabalduta. Edozein emakume hurbildu daiteke Biterira eta etxeratzen lagunduko zaio. Lasai eta seguru joateko emakumeen arteko tresna da». 

Argi utzi nahi dute Itaiatik, «askotan honelako gertaerak gure inguruan ez direla gertatzen uste dugula, baina gure herrietan eta auzoetan ere gertatzen dira, publiko egin, salatu edo ez. Itaiatik beti apustu egin dugu emakume langileentzako tresna hauek garatzen joatea. Hernaniar emakume guztiak animatu nahi ditugu turnoetan partehartzera eta horretarako gure sare sozialetatik eta 667 848 097 telefono zenbakira idatziz  edo deituz parte hartu daiteke turno hauetan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!