San Joanetako Preludioa gaur, Hernanitik Hernanira hernaniarren omenez

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

Beste behin Atsegindegin izango da, 22:30etan hasita, gaur arratsalderako ekaitza espero baita. Aurten, otsailean hil zen, Manolo Sagarna zuzendari ohia omenduko dute eta Bitartean folk taldeak eta Ainhoa Larrañagak protagonismo berezia izango dute.

Preludioak 27garren edizioa beteko du gaur eta eguraldi iragarpenari kasu eginez, aurten ere, Atsegindegin ospatuko da 22:30etatik aurrera, ekaitza espero baita arratsalderako. Eguraldi txarrarengatik 2015ean, 2016an, 2018an, 2019an, 2022an eta 2023an Atsegindegin egin da. Pandemiaren eraginez bertan behera geratu zen 2020an eta 2021ean eta beraz azken hamar urteetan, 2014an eta 2017an bakarrik egin da Gudarien Plazan. Preludioaz Plazan gozatzeko beste urte bete itxaron beharko da gutxienez. 

Urtero bezala, San Joanetako Preludioa irekia da, nahiz eta hernaniarrei zuzendua izan batez ere. Horregatik artista hernaniarrak izaten dira protagonista nagusiak eta Hernanitik Hernanira eskaintzen da. Aurten, gainera, omenaldi berezia eskainiko zaio Manolo Sagarnari. Hernaniko Musika Bandako zuzendaria izan zen 20 urtetik gora eta pasa den otsailean hil zen. Berak oso gustoko zuen Carlos Gardelen abesti oso ezagun bat interpretatuko dute, Por una Cabeza.

Bitartean Folk Taldeak eta Hernaniko Musika Bandak apirilean grabatu zuten elkarrekin diska bat. Diskan, Bitartean taldeko doinuak moldatu dituzte Jagoba Astiazaranek eta Eduardo Morenok. Gaur, diska horretako bi kanta aurkeztuko dituzte, lehenengo aldiz, jendaurrean. Haritz Ezeizaren Adiorik ez eskainiko dute aurrena eta ondoren, Ixiar Jauregiren Jostun askearen fabula. Bitartean taldearen diska, Musika Bandarekin batera, salgai dago. Preludiokoa, bertako bi abestiren aurrerapena izango da.

Ainhoa Larrañaga abeslari hernaniarrak ere izango du bere lekua aurtengo Preludioan. Duela sei urte Preludio Txikiko protagonista izan zen eta orain Preludio Nagusira emango du salto. Solista bezala arituko da hain famatuak diren Huntza taldearen 17.21 abestia eta Itoizen Lau teilatu interpretatuz. Miguel Blanco Gramy irabazlearen, Big Banderarako Lau Teilatu kantuaren bertsioa entzungo dute bertaratutakoek.

Guztira hamaihiru kantuko ikuskizuna prestatu dute, ehundaka hernaniarren eskutik; amaitzeko, betiko Mendirik Mendi eta San Joan Zortzikoa izango diraMendirik Mendi jotzen duela 75 urte hasi ziren Hernanin eta horrek esanahi berezia emango dio, hain gustukoa den kantaren interpretazioari.

   

«Dantzatzeko eta gozatzeko aukera ederra izango dugu»

San Joanak iragartzen dituen ekitaldi potoloena da eta nondik norakoak azaltzeko, Jorge Pacheco Musika Bandako zuzendaria da egokiena: «150 musikaritik gora izango ditugu aurtengo Preludioan, tartean abesbatzak, musika bandak, musika eskolako txistulariak...». Lanean aritu dira buru-belarri. «Esan beharra dugu aurreneko entsaioa zoragarri atera zela. Beraz, aurreikusten dugu izango dela oso Preludio txukuna. Gonbidatu bereziak ere izango ditugu, aurten; alde batetik Bitartean Folk musika taldea; eta bestetik, Ainhoa Larrañaga. Beraz, dantzatzeko eta gozatzeko aukera ederra edukiko dugu aurtengo Preludioan». 

 

Aurkezle berriak, Ainhoa Larrañaga  eta Markel Oiarzabal

Ainhoa Larrañaga eta Markel Oiarzabal izango dira aurkezle lanetan ariko direnak. Urte askotan elkarrekin aritu diren Idoia Noble eta Jon Odriozola ordezkatuko dituzte. Preludioa hasiko da Txanton piperri euskerazko lehenengo operarekin. Ondoren Baltsen Potpourriak paso emango dio Bitartean eta Musika Bandaren aipaturiko bi abestiei. Sutan Saltsan, Por una cabeza, 17:21, Lau Teilatu eta Aitxitxe mukurrunduko dira egitarauko beste abestiak. Atzo, izan zen Prelu­dio txikia, baina gaur, helduak izango dira protagonista nagusiak.

27. PRELUDIOA:

1. TXANTON PIPERRI
Egilea. Herrikoia
Hitzak. Toribio Altzaga.
Moldaketa. B. Zapirain.

2. BALTSEN POTPOURRIA III
Xabier Zabala

3. ADIORIK EZ
Feat Bitartean
Egilea: Haritz Ezeiza
Moldaketa: Jagoba Astiazaran eta Eduardo Moreno

4. JOSTUN ASKEAREN FABULA
Feat Bitartean
Egilea: Ixiar Jauregi
Moldaketa: Jagoba Astiazaran eta Eduardo Moreno

5. ELIAS ETA BELATXE (Fandango)

Moldaketa: Xabier Zabala

6. BASALDE (Arin arin)
Moldaketa: Xabier Zabala

7. SUTAN DANTZAN
Egilea: Julen Alonso

8. POR UNA CABEZA/MI BUENOS AIRES QUERIDO
(Sagarnari Omenaldia)

9. 17:21 
Feat Ainhoa Larrañaga
Egilea: Huntza

10. Lau Teilatu
Feat Ainhoa Larrañaga
Egilea: Juan Carlos Pérez (Itoiz)Moldaketa: Miguel Blanco

11. AITXITXE MUKURRUNDUKO
Egilea: Korrontzi

12. MENDIRIK MENDI 75 urte
Egilea: J.A. Erauskin

13. SAN JOAN ZORTZIKOA
Egilea: Herrikoia
Hitzak: M. Lekuona
Moldaketa: Joxan Goikoetxea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!