«Ez dugu jabeen aurkako adierazpenik egiteko asmorik izan»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 16a, 00:00

Etxebizitza Sindikatutik adierazi dute «etxegabetua izan den pertsona bati lagundu» diotela, «ez besterik».

Pasa den asteazkenean Kronikako 'Jasota Bezala' sailean argitaratutako gutunaren harira, prentsa ohar bat hedatu du Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak. Adierazi dute haiek ez dutela «jabeen aurkako adierazpenik egin, eta ez dugu asmorik izan», eta gehitu dute euren «postura politikoa etxegabetuarentzat alternartiba bat lortzea» izan dela.

Etxebizitza Sindikatutik «pertsona orok bizitzeko leku duin bat» izateko beharra azpimarratu dute: «Hain zuzen ere, horregatik ez dugu jabeen inguruko ezer ere esan. Ulertzen genuelako emakume horri alternatiba bat eman behar zaiola, eta horrek hartu beharko lukeela zentralitatea gure aldarrietan».

Gutunari erantzunez, «alternatiba falta» salatu du berriro Etxebizitza Sindikatuak: «Zein da eskaini zaion alternatiba hori? Benetan alternatiba bat egon izan balitza hark onartuko zukeen, eta dirua balu ordainduko luke. Ala kalean lo egitea nahiago duela uste dugu?». 

Bestalde, nabarmendu dute «gauak kale gorrian ez pasatzeko, aterpetxe batean 7 gau igarotzea» dela «eskaini zaion aukera bakarra»: «Aterpertxe horietara ez joateko arrazoi argiak izateaz gain, 7 gau igaro ondoren zortearen menpe legoke beste tokiren bat lortzea». Eta, egoera horren aurrean, azaldu dute «hori baino hobea den aukera bat lortu» duela «Etxebizitza sindikatuaren laguntzaz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!