Euskal Herriko Unibertsitatearen Kristalizazio Lehiaketaren finalera sailkatu zen Hernani BHIko batxilergoko ikasle talde bat, apirilean; eta horretan, sari bat ere eskuratu dute. EHUren Leioako Zientzia Fakultatean izan zen finala, eta epaimahaiaren aurrean proiektuaren defentsa egin ondoren, poster zientifiko onenaren saria jaso zuten hernaniarrek.
15 ikaslek hartu dute parte proiektuan, eta horietako bostek izan zuten aukera proiektuaren defentsan parte hartzeko, finalaren egunean.
Geologiaren atala da kristalografia, eta hori lantzea izan dute helburu batxilergoko lehenengo mailako ikasleek, kurtsoan zehar. Laborategian egindako lana azaltzeko, bideo ederra osatu zuten ikasleek, eta horri esker lortu zuten finalera sailkatzea. Orain, ez dira esku hutsik bueltatu Leioako Zientzia Fakultatetik.