Beñat Segurolak eta Aritz Juaneneak jantzi dute Sagardoaren txapela

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 14a, 00:00

Juanenea, Aitor Bereziartua eta Segurola, txapelekin. Argazkia: Maialen Andres

Bereziartuako bikoteak hiru setetan menderatu zuen Alorreneakoa (Urriza eta Martirena), asteleheneko finalean.

Beñat Segurolak eta Aritz Juaneneak irabazi dute Sagardoaren Txapelketa, Bereziartua sagardotegiaren izenean. Final estuan, hiru setetan nagusitu ziren astelehenean, Alorreneako Javier Urrizaren eta Ibai Martirenaren kontra: 11-15, 15-10 eta 2-5.

Partidu luzean, urdinak hobeto iritsi ziren azkeneko tantoetara, eta oso sendo aritu ziren biak. Gorriek, aldiz, pelota aukeraketan egin zuten huts, beharbada: hautatutako pelota moteletara ezin egokitu aritu zen Martirena, eta nekatu egin zen Urriza, azkeneko tantoetan frexkotasun falta nabarituz.

Urrizaren joko erasokorrari esker, 5-1 aurreratu ziren gorriak aurreneko setean, eta alde horri eutsi zioten ia bukaerara arte (11-7); baina 0-8ko partzialarekin, jokoa irauli zuten urdinek, iruindarrak egindako 9 tantoak ezerezean utziz. Bereziki ondo aritu zen Juanenea, set horretan.

Berdintsu hasi zen bigarren seta, gorriak 9-3 aurreratuta; eta oraingoan bai, bukaerara arte eutsi zioten aldeari (15-10), Urrizaren beste 9 tantorekin. Horrela, partidua berdindu eta desenpatea behartu zuten gorriek.

Baina joko erabakigarriari, indartsuago ekin zioten urdinek, eta 1-3 aurreratu ziren berehala, Segurolaren hiru tantori esker. Jokoa bideratuta, ez zuten hutsik egin, eta beraiek jantzi zuten txapela, Juaneneak egindako tanto batekin.

Urrizak jaso zuen txapelketako jokalari onenaren saria.

Erlazionatuak

Sagardoaren Txapelketako finala, iruditan

Kronika - Erredakzioa 2023 eka 13 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!