Kale-gorrian geratu da, eta Etxebizitza Sindikatuaren deialdian egondakoek gogor jasan genituen poliziaren 4 karga.
Hori guztia Hernani "etxegabetzerik gabeko herria" kartela edukita ere. Errealitate izatea galarazi du bizi baldintzen okertzeak, krisi mardulak; bai hernanin eta bai beste hainbat txokotan.
Proletargoak doako eta kalitatezko etxebizitza izatea da Etxebizitza Sindikatuen helburua, eta horretarako ezinbesteko lanetako bat da etxegabetzeei aurre egitea.
Etxegabetzea geldiarazteko saiakerarekin batera etxetik botako zuten emakume honi beste bizitoki bat lortzeko lanean aritu gara. Kasuarekin hasi ginenetik Udala eta Gizarte Zerbitzuekin negoziatzen eta horiek presionatzen ibili gara. Hala ere, hauek baliabiderik ez zegoela adierazi digute hainbatetan. Etxegabetzea eman ondoren emakumea kale egoeran dauden pertsonek lo egiten duten aterpetxera joateko aukera planteatu zioten, eta berak uko egin zion; bai gizonezkoekin espazioa partekatu nahi ez zuelako jasandako esperientziengatik, bai toki horiek egun batzuetarako soilik direlako eta ondoren berriro kalean geratuko zelako, bai bere txakurragatik…
Udalak, poliziak etxegabetzea era bortitzean ematean sortutako iskanbila zela eta, ohar bat argitaratu zuen emakumeak alternatiba bat lortzeko zituen zailtasunen errua emakumea berari eta Etxebizitza Sindikatuari egotziz, berdin Hernaniko Sortuk eta Ernaik. Zer zentzu izango luke etxegabetutako pertsonak bere egoera benetan hobetzeko aukera bati uko egiteak? Sindikatua berdin, emakumeak baliabide gehiago lortzeko bitarte horretan kalean ez geratzeko bermea besterik ez du bilatu (prozesu luzea baita).
Etxebizitza Sindikatuko kideok era desinteresatuan egiten dugun lan guztia eta etxegabetzea gelditzeko beren gorputzak jarri genituenon determinazio eta borondate ona zalantzan jartzen saiatzen ari dira, eta hori ez dugu onartzen.
Eguneroko ogi izaten jarraituko dute etxegabetzeek eta miseriak bizi garen munduan, eta ezin da ulertu pertsona bat kale-gorrian uztea justifikatuko duen inolako argudio, etika edota ideologiarik. Guk, datozen garai beltz hauen aurrean antolatzeko apustua egiten dugu eta hala jarraituko dugu.
Jon Zumalabe
Etxebizitza Sindikatuko kidea