Atzo inauguratu zuten Hernaniko Udaletxeko Areto Nagusia, Musika Bandaren laguntzarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 11a, 00:00

Xabier Lertxundi, Xabier Barrutieta eta Victor Goikoetxea, atzoko ekitaldian.

Ordubete inguruko inaugurazio ekitaldia egin zuten, Udaletxeko Areto Nagusi berritua estreinatzeko. Hernaniko Musika Bandako gazteek girotu zuten aretoa, garaiko piezekin.

Atzo arratsaldean egin zuten Hernaniko Udaletxeko Areto Nagusiaren inaugurazioa. Herritar ugari bertaratu ziren ekitaldira, eta Hernaniko Musika Bandak egindako harrerarekin sartu ziren areto berritura. Victor Goikoetxea margolari eta eskultore hernaniarra eta Xabier Barrutieta arkitektoa izan dira birgaitzearen arduradunak, eta 1899an Areto Nagusiak zuen itxura berreskuratu dute.

Xabier Lertxundi alkatea izan zen hitza hartzen lehenengoa. Lertxundik azaldu zuen «aspalditik datorren» proiektu bat dela, eta egindako lana goraipatu zuen: «Emaitza honen atzetik egin den lana ikaragarria da. Oso obra interesgarri eta konplexua izan da; horrelako eraikin bat 1899ra itzultzea oso zaila delako. Orain, lan egiteko areto bat izango da, eta gaur egungo prestazioak izango ditu».

Goikoetxeak eta Barrutietak aitortza egin nahi izan diote Mertxe Etxeberria Aranbururi, Hernaniko alkate ohiari, eta atzo nabarmendu zuten «ondarea» berreskuratzeak duen garrantzia: «Areto hau berritzeko egin dugun mugimendu oro asko pentsatutakoa izan da. Inguruan daukagunaz ohartu behar dugu, eta garrantzitsua da daukagun hori berreskuratzea, ondorengo belaunaldiei igortzeko».

Ekitaldia Hernaniko Musika Bandako musikari gazteen kontzertu txiki batekin amaitu zen. Aretoa eraiki zen garaiko piezak jo zituzten, bertaratu ziren herritarren gozamenerako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!