Zerbitzu sozialei «babesa» adierazi die Hernaniko Udal Etxebizitza Mahaiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 11a, 00:00

Etxe kaleratzearen harira, azaldu dute zerbitzu horrengan «konfiantza osoa» izaten jarraitzen dutela.

Hernanin pasa den asteazkenean gertatutako etxe kaleratzearen harira, ohar bat argitaratu du Hernaniko Udal Etxebizitza Mahaiak. Mahai horretako kide dira Amher, STOP Kaleratzeak, elikagai banaketa eta udal talde politikoak.

Urgentziazko bilera bat egin zuten gertakarien ondoren, eta azaldu dute «orain plazaratu den kasu honetakoa» ez dela «etxebizitza arazoa duen pertsona bakarra»: «Urteak daramatzagu etxebizitza arazoak dituzten egoera horiek lantzen, elkarlanean, eta diskrezioz, pertsona horien hobebeharrez». Nabarmendu dute eragile guztien helburua dela «pertsona horientzako irtenbideak bilatzea». 

Horrez gain, «babesa» eta «konfiantza» adierazi nahi izan diote Hernaniko Udaleko zerbitzu sozialen jardunari: «Kasu honek hedabideetan eta sare sozialetan sortu duen zurrunbilo mediatiko honen erdian, Hernaniko zerbitzu sozialen jarduna zalantzan jarri da. Mahaia osatzen dugun eragile guztiok babesa adierazi nahi diegu». Orain arteko adierazpenetan «berretsi» da Etxebizitza Mahaia, zerbitzu sozialak «aurrerantzean ere egoera zailetan dauden pertsonak laguntzeko profesionaltasuna eta eskura dituzten baliabide material guztiak jartzen jarraituko duelako».

Oharrarekin amaitzeko, eragileei eta komunikabideei «ardura» eskatu die Etxebizitza Mahaiak: «Pertsona eta familia zaurgarrien datu eta egoera pertsonalen plazaratzeak ez dielako haiei mesederik egiten, are gehiago, kaltegarria ere izan daiteke haien egoera bideratzeko garaian».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!