Ostegunean aurkeztu zuen San Joanetako egitaraua jai batzordeak, udaletxean

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 19:22

Ilusio haundiarekin aurkeztu zuten aurtengo jaien egitaraua, udaletxean.

Txupinazoa 23an bada ere, aurreko asteetarako ere ekintza mordoa antolatu dituzte, eta horietako bat izango da ekainaren 21eko solstizioa, Chillida Lekun.

Uda ate joka dugun honetan, San Joanetako berotasunean murgiltzeko irrika erakutsi zuen jai batzordeak ostegunean, 2023ko San Joanetako egitarauaren aurkezpenarekin. Udaleko ordezkariekin batera, bertan izan ziren egitaraua osatzen lagundu duten elkarte, konpartsa eta herritarrak. 

«Egitarau oparoa» osatu dutela azpimarratu zuen aurrena, Koro Etxeberria kulturako zinegotziak, «mota askotako alorrak ukituko ditu aurtengo egitarauak. Eta datozen egunetan ekintzak egingo badira ere, San Joanak iragartzen dituen ekitaldi potoloena preludioa da». Horregatik, preludioari buruzko nondik norakoak azaltzeko Jorge Pachecok hartu zuen hitza, San Joanetako preludioko ordezkari eta arduradunak: «150 musikaritik gora izango ditugu aurtengo preludioan, tartean abesbatzak, musika bandak, musika eskolako txistulariak... Lanean ari gara dagoeneko. Esan beharra dugu aurreneko entsaioa egin genuela eta zoragarri atera zela. Beraz, aurreikusten dugu izango dela oso preludio txukuna. Gonbidatu bereziak ere izango ditugu, aurten; alde batetik Bitartean Folk musika taldea; eta bestetik, Ainhoa Larrañaga. Beraz, dantzatzeko eta gozatzeko aukera ederra edukiko dugu aurtengo preludioan». 

Hilaren 21ean, solstizioa ospatuko dela ere iragarri zuen Etxeberriak: «Chillida Lekun izango da aurtengo solstizioa eta 'Elkarrizketak' izeneko ikuskizun ibiltaria eskainiko du Oreka TX taldeak». Bertaratzeko, Hernaniko Udalak autobusak jarri ditu, dohainik. Arratsaldeko 19:15etan irtengo da autobusa Atsegindegitik, eta beharrezkoa da izena ematea. 

Kultura zinegotziak San Joanetako egitaraua eskuartean zuela ondorengoa jakinarazi zuen: «Leire Derteano Lizarraldek egin du aurtengo azala, herritarrek hala aukeratuta, beraz, zorionak!». 

Aurtengo San Joan jaien txupina Herburu konpartsak botako du, eta nola ez, herriko jaien amaiera ere buruhaundi eta erraldoien konpartsak iragarriko du. Hori horrela, Estebe Atorrasagastik eskerrak eman zituen Herburu konpartsaren izenean: «guretzako ohore haundi bat da San Joan jaiei hasiera eta amaiera ematea. Indartsu gatoz aurten ere, eta beraz, aukera honengatik, eskerrik asko».

Gazteei bideratuta, Gaztelekuak 'Su Festa!' antolatu du ekainaren 26rako, 20:00etatik 22:00etara, Tilosetan. Giroa jartzen izango dira Gorane eta LaMia Mari DJ hernaniarrak: «gazteei aukera eman nahi genien, haientzako espazio bat eskainiz, musikarekin» azaldu zuen Xabi Ormazabalek, Gaztelekuaren izenean.

Amaitzeko, Nagore Irastorza kultura teknikariak hartu zuen hitza, San Joanetako egitarauko zenbait emanaldi nabarmenduz: «aurtengo kontzertu potolorako Gatibu ekarri dugu, baina ez da bakarra izango. Izan ere, hilaren 24an, Brigade Loco taldea izango dugu oholtza gainean. Musikaz gain, adin guztietarako ekintzak antolatu ditugu, hala nola, kale ikuskizunak, dantzaldiak, antzerkiak, zirkua...».

Aurkezpenari amaiera eman zion Koro Etxeberria kultura zinegotziak, eskerrak emanez eta urte guzti hauetan egindako lana goraipatuz.

Hemen egitaraua: 

https://kronika.tok-md.com/pdfak/Sanjoanak_2023_-_Liburuxka_Web.pdf

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!