«Baratzeko plaga edo gaixotasun bakoitzak dauka bere soluzioa eta metodologia, pertsonekin bezalaxe»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 10a, 00:00

Herritarren interesa piztu izan ohi dute Furgobaratzak eskaintzen dituen tailerrek.

Hilaren 14an, baratzean sortu daitezkeen arazoei nola aurre egin eta horretarako zein produktu erabili ahal diren ikasteko tartea izango dute herritarrek, Aitziber Otegiren eskutik, Furgobaratzak antolatuta. Hala, Otegik Kronikarekin izan du elkarrizketa eta tailerreko nondik norakoak azaldu dizkigu.

Datorren astean, baratzean sortzen diren gaixotasunak eta izurriak izango ditu hizpide, Aitziber Otegi Aburuzak, Furgobaratzaren eskutik. Izan ere, hilaren 14an, Hernaniko Baratze Parkean tailerra eskainiko du Otegik, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara bitartean, eta herritar orori luzatu die gonbitea: «Furgobaratzatik eskainiko dugun tailerra irekia da edonorentzat, bai Hernanikoentzat eta baita Hernanitik kanpo bizi direnentzat ere. Tailerrean azalduko duguna da baratzean dauden edo aurkitu ditzakegun plaga nagusiak zeintzuk diren».

Tailerrari hasiera emateko onddoei eta intsektuei buruzko xehetasunak emango ditu:  «informatuko dugu izan daitekeela onddo bat edota intsektu bat. Askotan jendeak ez ditu bereizten, eta produktu berdinak erabiltzen dituzte. Onddoentzako metodo bat dago, eta intsektuentzako, aldiz, beste bat. Pertsonen antzera, gripearen aurka ez duzu antibiotikorik hartzen, ezta? Landareekin berdin, bakoitzak bere soluzioa eta metodologia dauka», azaldu du Otegik.

Horrez gain, barazki eta landare artean, nekazaritza ekologikoaren oinarria zein den azalduko du Otegik: «intsektuek edo onddoek edota bakteriek beren funtzioa badaukatela kontutan hartuta, printzipio batean gure helburua ez da hauek guztiak hiltzea, baizik eta oreka bat mantentzea. Tailerrean nahiko genuke jendeak jakitea baratzean dauzkagun intsektu guztiak ez ditugula deuseztatu behar, batzuk lagundu egiten dute eta jakin behar duguna da zeri bota produktua eta zeri ez, hau da, zer babestu behar dugun eta zer ez».

Otegik azpimarratu du oso garrantzitsuak direla mikroorganismoak eta intsektuak: «hauek ezberdintzen jakiteaz gain, eduki behar dugu argi, lurrean organismo horiek egon behar dutela, bai ala bai, lur osasuntsu bat izateko». 

 
Izurriei, soluzioa

Izurriei buruz ere jardun du Otegik, eta nabarmendu du gaixotasun oso desberdinak daudela:  «eragin zuzena dutenak eta landarea berehala hiltzen dutenak karakolak edo bareak izan ohi dira. Letxugak jaten dituzte eta berri bat landatu beharko duzu. Era berean, daude gaixotasun batzuk, pixkanaka joatean direnak kaltea egiten; hala ere, kontrolatzen badituzu, gaixotasuna gelditzeko aukera egon daiteke, beste batzuetan, aldiz, ez». 

Beraz, hilaren 14ean Furgobaratzak eskainiko duen tailerrean, Aitziber Otegi saiatuko da identifikatzen baratzean egoten diren izurriak eta gaixotasunak, eta zein modutan egin ahal zaien aurre hauei. «Izan ere, batzuetan etxeko erremedioak erabiliz egingo diegu aurre, eta beste batzuetan, erositako produktuekin, hori bai, ekologikoak», aitortu du tailer emaileak.

Izurrite eta gaixotasunez gain, garaiko produktuez ere jardun du Otegik Kronikarekin, zenbait aholku eskainiz: «normalean lehenago landatzen dira baina orain landatu daitezke tomatea, kalabazina, piperrak… Beraz, baratzean hasi direnak orain, landatu ditzakete aipatu ditudanak, hau da, tomate, piper, kalabazin, pepino, letxugak…Hauez gain orain hasten da garaian porruak eta azelgak landatzekoa ere».

 
Furgobaratzari buruz, xehetasunak 

Furgobaratza zerbitzu ibiltaria da, tutoretza eta produktu ekologikoen salmenta eskaintzeko. Aisialdirako baratze eremu publikoetan zehar mugitzeko sortu zen, baina baita mota ezberdinetako ekitaldi zein azoketan baratzegintza eta lorezaintza ekologikoa sustatzeko ere. Eskaintzen dituen zerbitzuak honakoak dira: Baratzezainei zalantzak argitzen laguntzen diete in situ (gaixotasunak,  landaketa garaiak, erabili beharreko ongarri kantitatea…); Garaian garaiko landare eta hazien salmenta. Bertako barietateak, komertzialak, bai eta exotikoak ere; eta zerbitzua hilerokoa edo aldizkakoa izan daiteke. Aurrez aurrekoa, gertukoa eta ordutegi beharretara egokitua.

Furgobaratza, Hernaniz gain, Gipuzkoako parke ezberdinetan ibiltzen da tailerrak eskaintzen, eta horien berri jakiteko edota Furgobaratzari buruzko informazioa eskuratzeko Kimubat.eus webgunean sartzeko aukera dute herritarrek.

 

SARE SOZIALAK

Instagram: kimubat

Webgunea: kimubat.eus

Facebook: kimu bat

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!