Etxe kaleratzeari buruzko adierazpena, Sortuk eta Ernaik

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 10a, 00:00

Kaleratzea gaitzetsi, Ertzaintzaren jarduna salatu, eta Kontseilu Sozialistaren eta Etxebizitza Sindikatuaren jokabidea kritikatu dute.

Etxe kaleratze bat gauzatu zuten asteazken goizean, Hernaniko Elkano kaleko 33garren atarian; eta horren harira, adierazpen bateratua egin dute Hernaniko Sortuk eta Ernaik: «Espresuki adierazi nahi dugu gure gaitzespena Hernaniko gertakarien aurrean, etxebizitza oinarrizko eskubide modura ulertuta, onartezina baita berau bermatuta ez duen sistema bera. Aurreko lerroak oinarri izanik ere, egoera konkretu honek duen konplexutasuna aintzat hartu behar da gaia kokatzerakoan; ez da egoera erraza izan, eta ondo dakigu Udalak eta Zerbitzu Sozialek arazo honen kudeaketan jardun dutela hasieratik hona, kaltetuei gutxienez bi alternatiba erresidentzial eskainiz. Prozesu luzea eta delikatua izan da».

Era berean, Sortuk eta Ernaik salatu dute Ertzaintzaren asteazkeneko jarduna: «Beste behin ere, argi utzi dute euren partetik ezin dugula espero jipoiak, atxiloketak eta abusuak besterik».

Eta azkenik, adierazi dute ez dela «onargarria» Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak «egoera oso zaurgarrian dagoen familia bat erabili izana, EH Bilduri eta udal gobernuari egoeraren eta asteazkenean gertatutakoaren ardura leporatzeko. Etxebizitza Sindikatuak deliberatuki zaildu eta oztopatu ditu Gizarte Zerbitzuen eta familia honen arteko harremanak, hauen benetako beharrei alternatibarik eskaini gabe. Familiari buruzko informazio oso sentsiblea publiko egiteaz gain, baliabideak eskuratzeko aukerak atzeratu eta haien egoera zaildu dute. Jakitun gara, gaiotan adituak diren gizarte zerbitzuetako teknikariek esplizituki eskatu zietela Ildo Sozialistako kideei familiaren pribatutasuna bermatzeak oinarrizko zutabe izan behar duela horrelakoetan. Eurek, berriz, adituen gomendioak alboratu eta datu pertsonalak zein kaltetuen irudiak ere zabaldu dituzte sare sozialetan». 

Hernaniko Sortuk eta Ernaik diote, adierazpenean, «argiak» direla horren ondorioak: «Familia da kalte guztiak pairatu beharko dituena. Ildo Sozialistak ez du horrelako egoerak behar bezala kudeatzeko gaitasunik, etekin politikoa eta egoeraren instrumentalizazioa helburu, familiaren beharrei erantzun ez, eta beren zaurgarritasun egoera areagotu besterik ez du egin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!