50.000 euroko partida, negoziorako lokala erosi edo alokatzen laguntzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 10a, 00:00

Jarduera ekonomikoen sustatzaileei dirulaguntza emango die Hernaniko Udalak, herriko lokal baten erosketaren edo alokairuaren kostua arintzeko.

50.000 euroko dirulaguntza partida jarri du Hernaniko Udalak, negozio baterako lokala erostearen edo alokatzearen kostua arintzeko. Zehazki, jarduera ekonomikoa garatzeko herriko lokal bat alokatu edo erosten duten sustatzaileek izango dute dirulaguntza eskuratzeko aukera, industriaguneetako lokalak izan ezik. Urriaren 31ra arte izango da dirulaguntza eskatzeko epea, eta eskaera orria eta oinarriak eskuragarri daude hernani.eus webguneko erregistro elektronikoan.

Alokairuaren kasuan, dirulaguntza kalkulatzeko, kontutan hartuko da alokairuaren kostu garbia, zergak kenduta. Gehienez ere, bi urteko iraupena izango dute dirulaguntzek, sustatzaile eta lokal berarentzat. Aurreneko urtean, kostuaren %50eko dirulaguntza emango die Udalak, hilean 500 euroko mugarekin; eta bigarren urtean, kostuaren %40ko dirulaguntza, hilean 400 euroko mugarekin.

Lokala erosteko, berriz, prezioaren %5eko dirulaguntza emango die Udalak, zergak kenduta; eta gehienez ere 10.800 eurokoa izango da laguntza.

Azkenik, jarduera ekonomikoa sortzeko dirulaguntza emango du Udalak: justifikatutako kostuaren %50a izango da, eta 2.000 eurokoa izango da muga, jarduera bakoitzeko.

Dirulaguntza jasotzeko, honako jarduerak burutu beharko dira hutsik dauden lokaletan: txikizkako herri merkataritzako jarduerak, azken bezeroarekin edo herritarrekin harreman zuzena dutenak; kale eta eremu jakin batean biziberritze ekonomiko eta sozialerako lagungarria izango den bestelako edozein jarduera komertzial; edota pertsonei zuzendutako zerbitzuak, ausazko jokoen eta apustuen jarduerak izan ezik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!