Polita izan da txotx garaia. Oso ona izan da jendearen harrera, eta gozatu du. Nabari zen berriro elkartzeko beharra, eta halaxe gertatu da, koadrila osoak gerturatu baitira sagardotegira.
Sagardoaz beste modu batera gozatzeko garaia iritsi zaigu orain, eguraldi onarekin batera. Ekainaren 17an irekiko dugu Altzuetako terraza, eta itxura polita hartzen ari da, erreserbei dagokienez. Kolore pixka bat gehiagoko sagardoa topatuko dugu botilan, oso oreka politarekin, eta oso usain afrutatuarekin. Gorputz handiko sagardoa da, eta esperientziak erakutsi digu urte osoan mantenduko dela oso egoera onean. Aurreko larunbatean, gainera, Legorretako sagardo lehiaketa irabazi genuen. Hortaz, oso pozik gaude aurtengo sagardoarekin.

