Bihar, kalearen konkista aldarrikatuko dute Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 00:00

25 erakundek Euskal Herriko 11 puntutan, tartean Astigarragan, kalearen konkista aldarrikatuko dute, 'Kaleak gureak dira', lelopean. Goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean izango da Erriberan.

Bihar, Kaleak Ehuntzeko Munduko Egunean, 25 bat erakundek Euskal Herriko 11 puntutan, tartean Astigarragan, kalearen konkista aldarrikatuko dute, hurrengo leloaren bitartez: 'Kaleak gureak dira'.

Aldarrikapen eta jai ekitaldi honen helburuak ondorengoak dira: «Ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresna bihurtzea "Kaleak gureak dira" leloaren bitartez; Eremu publikora ateratzea emakumeei eta eremu pribatuari lotuta egoteagatik beren balioa kendu zaien diziplinak; Auzoa eraikitzeko eta ehuntzeko hurbiltasuneko harreman afektiboei balioa ematea, era kolektiboan eraiki eta ehuntzeko asmoz; Lanen atzean dagoen jakinduria eta savoir faire guztia ikusaraztea, eta gure arbasoek itzalean egindako lanaren balio kalkulaezina ohoratzea».

Guzti honetan parte hartu dute Astigarragako Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak, Harituz Elkarteak eta Astigarragako Udalak. Bihar izango da ekitaldia goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean, Erriberan.

Pasaian jaiotako mugimendua, Euskal Herriko txoko ezberdinetara 

Mugimendu hau Pasaian jaio zen 2021an, bi lagunen arteko bertako ekimen baten modura: Lalocadelacasa-ko Oihana Merino eta Adinkide GKE-ko Blanca Caballero. Ideia honek forma hartu zuen Matazak Indarkeria Sexistaren Kontra proiektuko Isabel Oterorekin harremanetan jarri zirenean eta talde eragilea sortzeko elkartasuna sortu zenean. Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, “Indarkeria Sexistaren aurkako Matazak” elkartetik #puntuetakitto mugimendua sendotzeko lanean jarraitzen dute, ehuna aldarrikapen feministarako bitarteko bihurtuz. Horretarako, administrazio publiko, elkarte, komertzio eta gizarte zibilaren babes eta lankidetza jaso dutela nabarmendu dute antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!