Bizi Baratzea proiektua osatzen duten 32 kidek egin zuten bat atzo, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 00:00

Biterin egin zuten urte hauetako ibilbidearen errepasoa. Argazkia: Dani Blanco/ARGIA.

Bertan izan ziren Xabier Lertxundi alkatea eta Mattin Aldaia Ingurumen zinegotzia, 'Hernani Burujabe'ri buruzko zertzeladak ematen.

Atzo goizean elkartu ziren Bizi Baratzea proiektua osatzen duten 32 kide, Biterin. Bertan izan ziren, besteak beste, Jakoba Errekondo Bizi Baratzea liburuaren egilea; Garbiñe Larrea, Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea; ARGIA lantaldeko zenbait kide; 'Egonarria' bideo podcast saioa aurkezten duten Mattin Jauregi eta Eli Pagola ereñotzuarra; Kelo Arribas (Aleka proiektua); Marc Badal (Haziera proiektua); Errez kooperatibako kideak; ilustratzaileak; eta Hernaniko Udaleko Xabier Lertxundi alkatea eta Mattin Aldaia Ingurumen zinegotzia. 

Borobil ederra osatu zuten bertaratu zirenek, eta aurkezpen txiki bat egin ostean, Xabier Lertxundik hartu zuen hitza, Hernani Burujaberi buruzko xehetasunak azalduz. Jarraian, Estitxu Eizagirrek Bizi Baratzearen proiektuaren ibilbidea azaldu zuen, eta azken berritasunen nondik norakoak azaldu zituzten, hala nola, kolaboratzaile sare indartua, bizibaratzea.eus webgunea, 9.900 hartzailearengana iristen den buletina, Egonarria saioa eta Telegrameko Bizi Baratzea kanala.

Kolaboratzaile sarea indartu zutela azaldu zuen Eizagirrek: «2023an, ARGIA astekariko Bizi Baratzea atalean idazten duten kolaboratzaile sarea zabaldu dugu, bakoitzak sektore zehatz baten berri eman dezan. Bizi Baratzea gaur egun hiru orriko atala da, eta 14 kolaboratzailek osatzen dute taldea».

Webguneari dagokionez, 2016tik, martxan den bizibaratzea.eus webgunea berritu dutela ere nabarmendu zuten, bi funtzio nagusi hauek bete ahal izateko: «alde batetik, erabilera praktikorako informazioa eskaintzen da. Garaiaren arabera aste horretan egiteko lanak, ilargiaren informazioa, baratzean egiteko oinarriak, baratzean hasteko urratsak, hilabete bakoitzean zer erein edo landatu eta jaso; bestalde, lurrari eta ingurumen gaiei buruzko artikuluak, albisteak eta bideoak daude. Aktualitateari jarraipena egin nahi dionak hemen du iturri eder bat».

2016tik martxan den buletina ere berritu du Bizi Baratzeak. «Astelehenero goizeko 8:00etan iristen da doan izena ematen dutenen posta elektronikora». Eizagirrek datu  «esanguratsu bat» elkarbanatu zuen bertaratutakoekin: «dagoeneko 9.900 dira astelehenero buletin hau jasotzen dutenak. Bertan biltzen dira webgunean aste osoan zehar atera diren informazioak: aste horretako lanak, albisteak, bideoak, agendako ekitaldiak...».

Era berean, Eli Pagola ereñotzuarraren eta Mattin Jauregiren Egonarria proiektuari buruz ere jardun zuten, atzo Biterin: «2023an ARGIAren Bizi Baratzea atalak Egonarria web telebista saioa jarri du martxan, lurrari loturiko azpisektoreak ezagutzeko, gai horietako bakoitzean sakontzeko eta lanean ari direnei ahotsa emateko. 12 astez, Eli Pagola eta Mattin Jauregi gazteek aurkeztuta 12 gai landu dituzte, eta 12 esperientzia zehatz elkarrizketatu dituzte».

Azken berritasunei amaiera emateko, Telegrameko Bizi Baratzea kanala mahaigaineratu zuten: «Sare sozialak asko elikatzen ditu Bizi Baratzeak, batez ere Facebook eta Instagram. Baina 2023ko udaberrian abiatu den Telegrameko Bizi Baratzea kanala nabarmendu dute aurkezpenean: Egunero, goizeko 5:00etan (laborari askoren esnatzeko ordua) dosi bat bidaltzen du. Dosi bakarra egunean, garai horretako lan berezi bat azaltzen duena laburrean, argazki eder batekin. Bukaeran eduki landu bat gomendatzen du: Bizi Baratzeako kolaboratzaileen irakurgai bat, edo Egonarriako azken bideoa, edo garaiko lan guztiak ikusteko Bizi Baratzearen webgunea.

Aurkezpenarekin amaitzeko, Bizi Baratzeako kideek azaldu zituzten nola sortu zen Bizi Baratzea proiektua, urte guzti hauetan argitaratutako liburu kantitatea eta hauek jasotzen duten edukia; eta azkenik, Pandemiak ekarritako estutasunean egindako aurrerapausoen berri ere eman zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!