Batzar irekia gaur Gure Eskuk, 'Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki' dinamika aurkezteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 8a, 08:43

Biterin jarri dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etan. Aurtengo Frantziako Tourrean egingo da dinamika, eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea izango du helburu.

Batzar irekia deitu du Gure Eskuk gaur arratsaldeko 19:00etarako, Biteri kultur etxean, bere hurrengo ekimena aurkezteko: 'Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki'. Aurtengo Frantziako Tourrean egingo dute dinamika hori, eta «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea» izango du helburu.

Euskal Herrian jokatuko dira Tourreko lehenengo hiru etapak: uztailaren 1ean, Bilbon hasi eta bukatuko da aurreneko etapa; uztailaren 2an, Gasteiztik abiatu eta Donostian bukatuko da bigarrena; eta uztailaren 3an, Zornotzatik Baionarako bidea egingo dute txirrindulariek, hirugarren etapan. Hori horrela, Tourrari «ongietorria» egingo dio Gure Eskuren dinamikak, eta Tourrak daukan «nazioarteko oihartzuna baliatu» nahi du Euskal Herria «nazioartean proiektatzeko; argi esateko Europako txoko honetan zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, nortasun propioa duena, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, bere burua gobernatu nahi duena, txirrindularitza gustuko duena, eta guzti hori harrotasunez bizi duena».

Horregatik, «bi ideia garrantzitsu» gehitu nahi dizkio Gure Eskuk Tourrari: «Aurrenekoa, Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herri bat dela, eta erabakitzeko eskubidea duela. Hau da, erronka globalei erantzuteko burujabetza osoa behar duen herria dela Euskal Herria, eta arloz arlo gizarte ekimenez ere eredu propioak garatzeko gaitasuna behin eta berriz erakutsi duela. Hori aintzat hartuta, Gure Eskuk aurreikusten du ekimena Euskal Herri osora zabaltzea; alegia, Bidasoaren bi aldeetara». Bigarren ideia, berriz, honakoa da: «Euskal Herria nazioartean aitortua izateko nahia plazaratu nahi dugu».

«Herri erronka» horren aurrean, Gure Eskuk espero du «euskal herritarrok, beti bezala, indarrez, elkartasunez eta irudimenez erantzutea. Errepideetara ikurrinekin ateratzeko Le Grand Departek egin duen deialdiarekin bat egiten dugu, baina deialdi hori biderkatuz, Bilbotik Baionaraino ikurrin uholdea ikusaraziz euskal errepideetan, eta hainbat leku esanguratsutan airetik hartzeko moduko irudiak sortuz. Gainera, inoiz egin den ikurrinik erraldoiena sortuko du Gure Eskuk, jasoko diren irudietan argi ikusteko herri honek bere izatea harrotasunez bizi duela».

Era berean, hirugarren etapak Bidasoa zeharkatuko duela eta, ekimen berezia egingo dute bertan, «erakusteko bi aldeetan euskaldunak bizi garela, eta aldarrikapen ugari dituen herria garela».

Gure Eskuk azaldu duenez, «erronka honi neurria hartzeko», lanketa berezia egingo dute instituzioekin, enpresekin, eragileekin, elkarteekin, txirrindulariekin eta kazetariekin. Eta crowdfounding kanpaina bat ere jarri dute martxan, itsulapikoa.eus plataformaren bitartez, «inoiz egin den ikurrinik haundiena osatzeko, eta Tourraren inguruko lanketa finantziatzeko». Ekarpena egiten duten guztiek, «bere burua bertan ordezkatuta» ikusiko dute: «izan ere, ikurrinaren gorri eta berdea euren izenez osatuta egongo da, eta ikurrinaren txurian 'Basques decide, Euskal Herriak erabaki!' leloa egongo da».

Azkenik, Gure Eskuk azpimarratu du Tourrak «aukera ederra» emango duela «herri bat garela argi esateko, mundu osoan ikus gaitzaten eta uler dezaten erabaki nahi duen herria garela eta hori lortu arte batera lanean jarraituko dugula».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!