XIX.Garagardo Azokak hartuko du Atsegindegi, gaurtik igandera arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 8a, 00:00
Gaurtik igandera bitartean, Atsegindegin ospatuko da XIX.Garagardo Azoka.

Gaur arratsaldeko 18:00etatik gaueko 00:00etara irekiko dute barra; eta 19:30etatik 23:00etara, berriz, sukaldea.

Garagardoaz gozatzeko aukera ederra izango dute gaurtik igandera bitartean, Hernaniko Errugbi Elkarteak antolatutako garagardo azokarekin. Aurtengoa, XIX.edizioa da, eta 16 garagardo dastatzeko aukera izateaz gain, egitarau oparoa prestatu dute igandera arte. Gaur arratsaldeko 16:00etatik gaueko 00:00etara irekiko dute barra, eta afaltzeko tartea ere egongo da, sukaldea irekiko baitute arratsaldeko 19:30etatik 23:00etara.

Bihar, asteko lanaldiari amaiera emateko eta asteburuari ongi etorria emateko, arratsaldeko 1:00etatik gaueko 01:00etara egongo da barra irekita, eta sukaldea, berriz, 19:30etatik 23:00etara. Gaueko 21:00etan, Errugbiko Top 14 final erdiak zuzenean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, antolatzaileek jarritako pantaila erraldoian. Behin final erdiak amaituta, Belarri Fuckers taldeak kontzertu bat eskainiko du.

Larunbatean, eguerditik egongo da garagardo azokako barra irekita, gauera arte, eta bazkaltzeko tartea ere eskainiko dute. Arratsaldeko 17:00etan, Top 14 final erdia proiektatuko dute, pantaila haundian, eta 19:00ak aldera, VI. Inklusibo Txapelketaren sari banaketak hartuko du protagonismoa eta azoka itxi arte, DJ Flanderrek girotuko du azoka.

Igandean, Hernaniko Errugbi Elkartearen eguna ospatuko dute, eguerditik, gauera bitartean. Toka txapelketa mundialak emango dio igandeari hasiera, 12:00ak aldera; arratsaldeko 16:00etan, mus tximist txapelketa jokatuko dute; eta 18:00etan, futbolin txapelketak hartuko du nagusitasuna.

Amaitzeko, antolatzaileek jakinarazi dute etxera eramateko aukera ere eskainiko dutela (hernanirugby.eus).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!