Kaxko Elkartearen lokala itxi egingo dute udan, eta irailean jarriko dute martxan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 8a, 00:00

Irailean irekiko dute berriro Gudarien plazako lokala.

Kaxko Elkarteko kideen nahia lokalak erabilera haundiagoa izatea da.

Prentsaurrekoa eskaini zuen asteartean Hernaniko Kaxko Elkarteak, plazako lokalean. Duela urte bat ireki zuten lokala, eta aurtengo udan atsedenaldi txiki bat hartzeko hautua egin dute: «Pentsatzen eta hausnartzen aritu gara, eta uste dugu onena dela udan ixtea eta irailean berriro irekitzea, neguan irekita mantentzeko. Asko jaitsi da hona etortzen den jende kopurua». 

Lokalari bigarren buelta bat ematea da Kaxko Elkartearen helburua, Kaxkoko pertsona helduak elkartzeko gunea izan dadin: «Ikastaroak egin nahi ditugu hemen; pintura, josketa, hizketaldiak, karta edo mahai jokoak... Irailetik aurrera hori lantzea da gure xedea. Gainera, bizilagunei entzuteko prest gaude, proposamenak onartzen ditugu, jendearen beharretara egokitu ahal izateko». Irailetik aurrera mugimendu pixka bat gehiago izango dute lokalean, Hernani Burujabe egitasmoaren Zaintza proiektuko kideak bertan gauzatuko dituztelako zenbait ekintza. 

Horrez gain, nabarmendu dute beste edozein gauzetarako ere erabilgarri dagoela Gudarien plazako lokala: «Bizilagun guztientzat zabalik dago atea, bilerak hemen egin ditzakete, inongo arazorik gabe. Lokala guztiok aprobetxatzea da kontua».

Karmengo Jaiak bueltan, hiru urteren ondoren

Une honetan Kaxko Elkarteko kideak buru-belarri dabiltza Karmengo Jaiekin. Hiru urteren ondoren, berriro antolatuko dute erdiguneko festa eguna, urteroko molde antzekoarekin: «Aurten pixka bat murritzagoa izango da, ekintza guztiak Plaza Berrin kokatuko ditugulako». Pelota partiduak, omenaldia, eta auzo bazkaria izango dira goizean. Arratsaldean, berriz, haurrentzat puzgarriak jarriko dituzte, eta gauean sardina jatearekin borobilduko dute eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!