Salgai daude dagoeneko Chillida Lekuko udako solstizioaren ospakizunera joateko sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 7a, 00:00

Ekainaren 21ean izango da festa, eta Biteri kultur etxean eskuratu daitezke sarrerak. Hernaniarrek 10 euro ordaindu beharko dituzte.

Ekainaren 21ean egingo dute aurten udako solstizioaren ospakizuna, Hernaniko Chillida Leku museoan. Musikarekin eta dantzarekin osatutako bisita egin ahal izango dute bertaratzen direnek, eta Mireia Massaguék, museoko zuzendariak, zehaztu du «museoen etorkizun jasangarri» bat irudikatu nahi izan dutela festa honekin: «Chillida Lekuko musika, arte eszenikoak eta dantza programazioa museoek etorkizun justu eta jasangarria eraikitzeko duten balioa islatzeko bide bat dira». 

Aurtengo solstizioan Oreka TX taldea arduratuko da bisita girotzeaz. Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek bisitariei lagunduko diete museoa beste era batera ikusten. Saioaren izenburua 'Elkarrizketak' da: «Bisitak irauten duen bitartean, hainbat arte-diziplinen arteko kokapen harrigarriak sortuko dira. Eskulturen, musikaren eta dantzaren arteko ustekabeko elkarrizketak», azaldu dute antolatzaileek. 

'Elkarrizketak' arratsaldeko 20:00etan hasiko da, baina bi ordu lehenago sartzeko aukera izango dute bisitariek. Sarrerak Biterin eta https://labur.eus/SRpMt estekan eskuratu daitezke.

 

EMYA saria jaso du Chillida Lekuk

Une gozoa bizitzen ari da Chillida Leku. Eskaintza kultural oparoa eskaintzeaz gain, sariak eta errekonozimendua jasotzen ari da azken hilabeteotan. Museoen alorrean garrantzi haundia duen EMYA saria da jaso duen azkena, Europar Museoen Foroak balio sozial, humanitario eta jasangarriak dituzten museoei eskaintzen dien saria da. Massagué oso pozik agertu da saria jaso ondoren: «Sari hau museoaren taldeak azken urteotan egindako lanaren errekonozimendua da; izan ere, gizartearen eta ingurunearen integrazioa, eta lan didaktiko eta dibulgatzailea izan dira gure motorra».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!