Hauteskundeetako emaitzen balorazioa egin dute Hernaniko zenbait alderdik

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 00:00

Balorazioa egiteaz gain, eskerrak eman dituzte Hernaniko EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk.

Maiatzaren 28ko Udal Hauteskundeen harira, balorazioa eta esker oneko mezuak hedatu dituzte Hernaniko EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk. 

Hernaniko lehenengo indarrak, EH Bilduk, eskerrak eman nahi izan ditu lehenik: «Eskerrak eman nahi dizkizuegu emandako konfiantzarengatik, eta esan nahi dizuegu, orain arte egin dugun bezala, ahalik eta hoberen egiten saiatuko garela». Hala ere, abstenzioa dela eta, «kezkaz» hartu dituzte emaitzak: «Botoa ez emateak politikarekiko desafekzioa erakusten du, eta Hernaniko EH Bildun kezkaz hartu dugu igoera hori». Horren aurrean, politika «herritarrengana gehiago hurbiltzeko lana» egingo dutela nabarmendu dute: «Saiatuko gara herritar guztien interesa pizten, herria hobetzeko lana komuna dela eta denon eskutan dagoela sentiarazten».

Hernaniko EAJ-PNVk ere eskerrak eman nahi izan dizkie Udal eta Foru Hauteskundeetan «euren botoarekin gure hautagaitza babestu duten hernaniar guztiei». Gainera, «ateak irekita» dituztela azpimarratu dute: «Gure udalerria hobetzeko lanean jarraituko dugu, eta jakin ezazue gure atea beti irekita izango duzuela, zuen ekarpenak edo kritikak jasotzeko».

Azkenik, hirugarren postua berreskuratuta, irakurketa gazi-gozoa egin du Hernaniko PSE-EEk: «Hiru zinegotziren helburua bete ez bada ere, beste helburu batzuk lortu ditugu; hala nola, hirugarren postua berreskuratzea. Oso eskertuta gaude botoa eman digun jendearekin, baina ezin gara pozik egon». Alderdi sozialistak ere abstentzioaren datuan jarri du azpimarra, «Hernanin inoiz izan den datu haundiena» dela adieraziz: «6.684 hernaniarrek botoa ez ematea erabaki izanak alderdi politiko guztiei gogoeta eragin beharko liguke, salbuespenik gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!