Aiora Cigaran eta June San Emeterio, azpitxapeldun Zurriolako hondartzan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 00:00

Hondartzako boleibola hasi da.

Hondartzako bolei txapelketak hasi dira jokatzen jokalari hernaniarrak, emaitza onekin.

Ekainarekin batera, eta pistako boleibola amaituta, hondartzako boleibola martxan da jokalari hernaniarrekin.  Pasa den asteburuan 17 urtez azpiko neska-mutilek txapelketa jokatu dute Donostiako Zurriolako hondartzan.

Nesketan, Aiora Cigaranek eta June San Emeteriok lortu zuten finalera iristea baina Donostiako Elorza ahizpekin topatu ziren eta donostiarrak hondartzan eskarmentu haundiago izanik, garaipena eskuratu zuten. Hala ere bigarren postu bikaina lortu zuten hernaniarrek. Gustora egoteko emaitzarekin hasi dute denboraldia eta hobetzeko tarte haundiarekin. Mutilen kasuan berriz, finalerdietaraino iristea lortu zuten Aner Tardagila eta Aaron Fernandezek osatutako bikoteak, baina ezin izan zuten finalera iritsi. Denboraldia hasteko emaitza ona da.

Txapelketa hauek egun bakarrekoak izaten dira eta partidu mordoa jokatu behar izaten da finalaurrekotara iristeko. Modalitate oso gogorra da, 8 bide 8 metroko kantxan jokatu behar dute bi jokalariek hondarretan. Eguzkia, haizea eta aurkariaren jokoa gainditu behar dira.

 

Euskal Jokoetan, urduri

Larunbatean jokatu ziren, Zumarragan, boleiboleko Euskal Jokoak eta bertan izan zen Hernaniko infantil neska taldea. Konpetizio berriari ez zioten neurria hartu eta Arabako eta Bizkaiko ordezkarien aurka galdu egin zuten.

Arratsaldean berriz, Tolosan jokatu zen, Euskal Jokoen Hondartzako bolei txapelketa eta kasu honetan ere finala ez zuten irabazi baina bigarren postuan amaitzea lortu zuten.

 

Ate irekiak ekainaren 9an eta 16an

Bestaldetik, Hernani K.E.k, ate irekien bi jardunaldi antolatu dira boleibolean hasi nahi dutenetzat. Ekainaren 9an, ostiralean, 16:30etatik 18:00etara kiroldegiko lehen kantxan eta ekainaren 16an, ostiralean, 16:30etatik 18:00etara kiroldegiko bigarren kantxan elkartuko dira. Ate irekiak 2010 eta 2011 urteetan jaiotako neska-mutilei zuzenduak izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!