Bi partidu irabazita, Euskal Ligara sailkatu dira Hernaniko ohorezko erregional mailako neskak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 5a, 00:00

Sekulako giroa izan zen larunbatean Zubipen. Herritarren berotasuna jaso zuten ohorezko erregional mailako neskek.

Arratsalde haundia izan zen larunbatekoa Hernanirentzat; izan ere, ohorezko erregional mailako nesken garaipenarekin, nesken lehenengo bi taldeak igoko dira.

Igoera faseko triangularra jokatu zuten larunbat arratsaldean ohorezko erregional mailako neskek. Denboraldi bikaina osatu dute eta larunbatean bi partiduak irabazita, denboraldia borobildu zuten, Euskal Ligara sailkatuz. Eta beraz, nesken lehen bi taldeak igoko dira. Larunbatean Sestao eta Altzarrate jaso zituzten Zubipen, eta 45 minutuko bi zatitan jokatu zuten igoera. Sekulako arratsaldea izan zen larunbatekoa Hernanirentzat. 

Triangularreko aurreneko partiduan Hernanik Sestao izan zuen aurrez aurre, eta 2-0ko garaipena lortu zuten herriko neskek. Enire Beain izan zen lehenengo golegilea eta Cesia Soto bigarrena. Atsedenaldiaren ostean, Altzarrateren aurka neurtu zituzten indarrak berdeek eta 4-0 irabazi zuten, alde haundiarekin. Bi gol Enirerenak izan ziren, eta gol bana sartu zuten Cesia Sotok eta Uxue Navarrok. Igoera faseko triangularrean sekulako emaitzak lortuta, Euskal Ligan jokatuko dute datorren denboraldian ohorezko erregional mailako neskek, eta ohorezko erregional mailan, gorengo mailakoek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!