PSE-EEk kezkagarritzat jo du «EH Bilduk froga guztiak ez eskaintzea»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Hernaniko emakumeari elkartasuna adierazi ondoren, «oso larritzat» jo du Udalak bideo-grabazioak ez erraztea «erasoaren kasuan».

Ricardo Crespok, udal talde sozialistaren bozeramaileak, Hernaniko Udaleko idazkariari txosten bat egin dezala eskatu dio, «udal instalazioetan izandako eraso arin baten kasuan emandako pausoei buruz». Hernaniko PSE-EEren udal taldeak erregistratu zuen eskaera, «jakiteko Uda­lak zergatik ez zituen bideo grabazioak aurkeztu epaiketa batean». Bozeramaileen batzordea aurreko asteko ostiralean egin zu­ten, gaia eztabaidatu ahal izateko, eta orain espedientearen zain daude erabakiren bat hartzeko.

Ohar baten bidez, «eraso arin bat jasan zuen Hernaniko emakumeari elkartasuna» adierazi ondoren, PSE-EEk «oso larritzat» jo du Udalak «epaiketan bideo-grabazioak ez erraztea, eta aldiz aurkeztutako udal txosten batean honako hau adieraztea: ...gune horretan kamerak egon arren, ...ez zen inolako erorikorik ikusi. Magistratu baten eskuhartzeak behartu du EH Bilduko udal gobernua gertakariak argitzen dituzten bideo-frogak erraztera».

Honakoa adierazi du boze­ra­maile sozialistak: «Udalaren be­­te­beharra da langile guzti­en de­fentsa egitea errugabeak diren bitartean, baina ez du­­gu ulertzen gertatutakoa ar­­gitze­ko frogak hasieratik aur­kez­tu ez izana, epaile batek eskatu beharrik izan gabe». Eta gaineratu du: «Udalaren bete­be­­harra ere bada herritarrak edozein eraso egoeratatik de­fen­datzea, eta gertatutakoa ar­­gi­tzen laguntzea. Oso kezkagarria da EH Bilduk frogak ezkutatzea prozesu judizial batean». PSE-EEren iritziz, «Udalak irudi horiek eman izan ba­litu, berak zaintzen baitzituen, emaitza aldatu zitekeen».

Hernaniko alderdi sozialistak galdetu du ea «hori den EH Bilduk edozein eraso mota gertatzen denean duen jokabidea. Horrela bada, ez gaude seguru gobernatzen gaituztenekin. Zergatik ez dira eman irudi horiek hasiera-hasieratik, zein da arrazoia? EH Bilduk erabaki dezake zein diren baliozko frogak eta zein ez?». 

Ricardo Crespo bozeramaile sozialistaren ustez, «gobernu taldea gaitzetsi beharko litzateke bere jarreragatik, eta kargugabetu beharko litzateke frogak epaiketara ez aurkezteko erabakia hartu zuen arduradun politikoa. Gogorra izan da herritar bat ikustea, hernaniar bat, sufritzen eta babesik gabe sentitzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!