San Joan usainarekin eta festa giroko ekitaldiz gainezka iritsi da Hernanira ekaineko agenda

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

XXVIII. preludioa ekainaren 17an izango da, Gudarien plazan.

San Joanak ate joka daude jada, eta hori nabari da ekaineko kultur agendan. Auzoetako festez gain, festa giroko zenbait ekitaldi izango dira hilabetean zehar; horien artean preludio txikia eta preludioa, eta kurtso amaierako kontzertuak.

San Joan usaina ekarri du Hernanira ekaineko kultur agendak. Herriko festekin itxiko da hilabeteko egitaraua, baina kulturaz gozatzeko aukera zabala egongo da ordura arte. Ikasturte amaierako kontzertuek eta erakustaldiek hartuko dute protagonismoa, baita auzoetako jaiek ere. 

Gaur bertan hasiko dira Osiñagako Jaiak, eta hilaren 13an, San Antonio egunean, botako dute txupinazoa Ereñotzun. Bietan izango da haur jolasekin, bertsolariekin eta festa giroarekin gozatzeko aukera.

Ikasturte amaierako ekitaldiei dagokienez, dantzaz, musikaz eta erakustaldiez gozatzeko aukera izango da hilabete honetan. Ostegunean ireki zuten Biteriko tailerretako lanen erakusketa, eta Biteriko aretoan ikusgai daude herritarrek egindako lanak. Biterin jarraituta, ekainaren 6a izango da bertako dantza garaikideko eta antzerkiko ikastaroko kideen emanaldia ikusteko eguna. Arratsaldeko 19:30etan eskainiko dute emanaldia, Biterin bertan. 

Musika Eskolak ere eskaintza zabala prestatu du ikasturte amaierako kontzertuetarako. Hilaren 12tik 22ra kontzertuak izango dira ia egunero: ekainaren 12an abesbatza; 13an alboka, txalaparta eta trikitixa; 14an txistua, dultzaina eta trikitixa; 15ean tronpeta, klarinetea eta zeharkako txirula; 19an pianoa; 20an saxofoia; 21ean akordeoia eta biolina eta 22an gitarra.

Bestalde, jatunek eta parrandazaleek XIX. Garagardo Azoka izango dute, ekainaren 8tik 11era arte. Hernaniko Errugbi Elkarteak antolatuta, 15 zerbeza motatik gora dastatzeko aukera izango da Atsegindegin. 

Ekainaren 16 eta 17an egingo dira preludioak

San Joan jaien bezperan, urteroko legez, preludio txikia eta preludioa egingo dira. Preludio txikiaren XXIII. edizioa ekainaren 16an izango da, ostiralean. Bertan arituko dira herriko gaztetxoak, eta berritasunez beteriko kontzertua eskainiko dute, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Emanaldia Gudarien plazan egitea da aurreikuspena, baina eguraldi txarra egiten badu Atsegindegira lekualdatuko dute. 

Edizio gehiago daramatza preludio nagusiak. XXVIII. edizioa izango da aurtengoa, eta hilaren 17an egingo da. Herriko abesbatza gehienek abestuko dute bertan, eta musikari fiñenak ere igoko dira Gudarien plazako oholtzara. Gaueko 22:30etan hasiko da preludioa, eta, kasu honetan ere, Atsegindegin egingo da eguraldiak laguntzen ez badu.  

Ohiko jarduerak ere mantenduko dira ekainean

Ohikoagoak diren kultur ekintzak ere badute tartea Hernaniko ekaineko kultur agendan. Antzerkiari dagokionez, 'Eulizakuaren zarata' antzezlanaren estreinaldia ikusteko aukera izango da ekainaren 15ean: «Herria eulizakua da. Eraso eta indarkeria matxista berriz, zarata. Komunitatearen papera: eulizakua. Nor izan da? Zarata. Indarkeriaren etenik gabeko gurpila: eulizakua. Zer egin dio? Zarata. Normalizatua, barneratua, etengabe erreproduzitzen duguna: eulizakua. Nola eten zirkulua?». Sarrera guztiz doakoa da, eta gonbidapenak Plaza Feministan eta Kide tabernan eskuratzeko aukera dago.

Euskerazko literatur solasaldian Katixa Agirre idazlearen 'Amek ez dute' liburua izango dute hizpide: «Bi emakume, bi ama gazte: batek (Jade/Alice) bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestea, nobelaren narratzailea, bere haurraz erditzerakoan, bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldian haren berri izan ez badu ere». Saioa Ane Mayozek gidatuko du.

Gaztelerazko solasaldian, berriz, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen 'Hermanito' liburuari buruz hitz egingo dute: «Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala». Solasaldiaren gidaria Amaia Garcia izango da.

Azkenik, Kalez Kale Kantariko kideek ere ez dute hutsik egingo ekainean. Hilaren 10ean jarri dute hitzordua, ohiko orduan eta lekuan. Arratsaldean erromeria izango da.

 

EKAINEKO KULTUR AGENDA: HERNANI

1 Biteri kultur etxeko tailerretako lanen erakusketa.

3-4 Osiñagako Jaiak.

3 Saskibaloi saioa Karabelen, arratsaldeko 17:30etan. Gaztelekuak antolatuta.

4 Kultura anitzeko dastatze gastronomikoa, Amherrek antolatuta. Eguerdiko 12:00etan, Atsegindegin.

6 Biteri kultur etxeko ikastaroen ikasturte bukaerako emanldia. Dantza garaikidea eta antzerkia. Arratsaldeko 19:30etan, Biterin.

8-11 Garagardo azoka, Errugbi elkarteak antolatuta. Atsegindegin.

9 Zinema Gaztelekuan. 'Campeones' filma. Arratsaldeko 17:30etan. 

12-22 'Hernani' Musika Eskolako ikasturte amaierako kontzertuak:

12 Abesbatza. Milagrosan, arratsaldeko 18:30etan.
13 Alboka, txalaparta eta trikitixa. Biterin, arratsaldeko 18:30etan.
14 Txistu, dultzaina eta trikitixa. Biterin, arratsaldeko 18:30etan.
15 Tronpeta, klarinetea eta zeharkako txirula. Biterin, arratsaldeko 18:30etan.
19 Pianoa. Biterin, arratsaldeko 18:30etan.
20 Saxofoia. Biterin, arratsaldeko 18:30etan.
21 Akordeoia eta biolina. Biterin, arratsaldeko 18:30etan.
22 Gitarra. Biterin, arratsaldeko 18:30etan.

10 Kalez Kale Kantari eta Erromeria. Ohiko leku eta orduetan.

10 Goiz Eguzki abesbatzaren udaberriko kontzertua. Arratsaldeko 19:00etan, Goiz Eguzkiko parkean.

13-18 San Antonio Jaiak, Ereñotzun.

13 Literatur solasaldia euskeraz. Katixa Agirreren 'Amek ez dute' liburua hizpide. Ane Mayozek gidatuta. Liburutegian, arratsaldeko 19:00etan.

14 Literatur solasaldia gazteleraz. Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen 'Hermanito' liburua hizpide. Amaia Garciak gidatuta. Liburutegian, arratsaldeko 19:00etan.

15 'Eulizakuaren zarata' antzerkia, Biterin. Arratsaldeko 20:30. Sarrerak dohainik; gonbidapenak Plaza Feministan eta Kide tabernan.

16 Doinuzale Musika Eskolaren kontzertua, Biterin. Arratsaldeko 18:00etan. 

16 XXIII. Preludio txikia. Arratsaldeko 19:00etan, Gudarien plazan. (Euria egiten badu, Atsegindegin)

17 San Joan Jaietako XXVIII. Preludioa. Gaueko 22:30etan, Gudarien plazan. (Euria egiten badu, Atsegindegin)

17 Sukaldaritza tailerra Gaztelekuan. Arratsaldeko 17:30etan.

20 Dardo txapelketa Gaztelekuan. Arratsaldeko 17:30etan.

21 Emakumeen Euskal Literatura mintegia. Liburua: Arantxa Urretabizkaiaren 'Azken etxea'. Gidaria: Alaine Agirre. Liburutegian, arratsaldeko 19:00etan.

23-27 San Joan Jaiak. 

26 Su festa! Gorane + LaMia Mari, Ezkiaga pasealekuan. Arratsaldeko 18:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!