Hilabete t'erdiko lanaren ondoren, ostegunean uretaratu zuten Pasaiako badian txokolatez egindako bale ontzia. Jakinmin haundia piztu zuen proiektuak, segituan urperatuko zela aurreikusten zuten ezkorrenek, baina badian buelta bat eman eta berriro lehorrera itzultzeko gaitasuna izan zuen ontziak. 8 metroko luzera dauka, 2 metroko zabalera, eta 1.500 kilo txokolate erabili dituzte eraikitzeko.
Albaolaren eta Gozoaren artean garatutako proiektua izan da, eta Euskal Herriko elkarte askoren arteko elkarlana sustatu nahi izan dute. Hala, taldea osatu dute Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen Elkarteko bazkideek, Arabako Artisau eta Gozogileek, Bizkaiako Gozogintzako Artisauen Elkarteak, Nafarroako Gozogileak, la Academie du Chocolate de Bayonne-k eta Albaola Itsas Kultur Faktoriako teknikariek.
Bailarako zenbait gozotegik ere hartu dute parte: Adarragak, Esnalek eta OAk. Uretaratze egunean bertan izan ziren Borja Esnal Martiarena (Esnal) eta Leire Lukas Asteasuinzarra (OA). Partekatutako proiektu honen helburua «gastronomia lanbide eta sektorea ikusaraztea» izan da, «Euskal Herriko historiak markatutako» proiektu baten bitartez.
Horregatik, proiektua ezagutarazi zuten unetik egin zuten Euskal Herriko historiarekin lotura, itsasontziek eta txokolateak aspalditik ezagutzen baitute elkar: «Euskal itsas historiak lotura estua du kakaoarekin eta hau XVIII. mendean euskal itsasontzietan Europara iritsi izanarekin. XVIII. mendearen zati haundi batean, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak, Pasaian zuen bere egoitza eta kakao-inportazioen monopolioa kontrolatzen zuen. Ondorioz, Pasaia Europan kontsumitzen zen txokolatearen sarrera-ate nagusietako bat izan zen. Horri esker, Euskal Herriak txokolatearen kultura eraiki eta bertan txokolategile maisu haundiak sortzeko aukera izan du, baita bonboi-denda eta txokolatetegi nabarmenak ere».
Txokolatea ur gainean
Bale ontziaren erreplika txukuna egiteaz gain, praktikotasuna ere bazen gozogileen helburuetako bat. Zalantza asko sortzen zituen txokolatearen flotabilitateak, eta teknika ezberdinak erabili dituzte urak txokolateari eragiten dizkion kalteak saihesteko. Askoren pronostikoaren aurka, inongo arazorik gabe uretaratu zuten ontzia, eta osorik itzultzea lortu zuen Albaolara. Beraz, 45 egunetan egindako lanarekin gozogileek lortu dute hasieran planteatutako erronka guztiak betetzea.