«Zoru pelbikoak inplikazio zuzena du beste lesio batzuetan, eta ez da kontuan hartzen»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Ane Lopez de Arregi Kronikarako elkarrizketan.

«Emakume guztientzat segurua izango zen eremua» sortu nahi zuen Ane Lopez de Arregik, eta asmo horri jarraika ireki zituen Ilgorako ateak. Zoru pelbikoaren tratamendua da Ilgoraren espezializazioetako bat, baina bestelakoak ere lantzen dituzte; erditzeostea eta hilerokoak eragindako mina, besteak beste.

Zer da Ilgora? Nondik dator sortzeko ideia?

Proiektu honen sorreran iruditzen zitzaidan emakumeek ez geneukala joateko leku seguru bat. Zentzu askotan oso abandonatuta dago emakumea; erditze aurrean, erditzeostean, hilerokoak eragindako minetan, menopausian... Arlo asko daude, bizitzako etapa askotan geratzen da ahaztuta. Orduan, gure helburua zen sortzea klinika bat emakume guztiek toki seguru bat izan zezaten lasai joateko eta gertatzen zaiona segurtasunez kontatzeko, jakinda hemen laguntzen saiatuko garela. 

Tratamendu guztiak ezin ditugu hemen egin, baina hemendik beste espezialista batzuetara ere bideratzen ditugu. Helburua da inor ez sentitzea bakarrik, edota ez pentsatzea 'hau daukat eta horrela jarraitu behar dut'. Babeslekua sortzea zen gure xedea, eta hortik dator Ilgora izena; ziklo bakoitzean aukera dagoelako etortzeko.

Horrez gain, egia da badaudela fisioterapeuta batzuk zoru pelbikoa tratatzen dutenak, baina orain arte ez zegoen zentro espezializatu bat. Behar horri erantzuten dio Ilgorak. 

Nola lantzen dituzue aipatutako disfuntzioak?

Zati haundi bat fisioterapia bidez egiten dugu. Nik kontsulta propioak egiten ditut, eta gero taldeko lanketak daude; erditze aurreko taldea, esaterako. Bertan, ariketa fisikoaren bidez, erditzerako prestatzen ditugu haurdun dauden emakumeak. Saiatzen naiz ahalik eta informazio gehien sartzen saioetan, etxean ere lantzen jarraitzeko aukera izan dezaten; azkenean, erditzera egoera fisiko onean iristea delako helburua.

Erditzeosteko klaseak ere badaude, erditzetik errekuperatzeko eta lehengo egoera fisikoa berreskuratzeko. Askotan gertatzen da erditu ondoren kolokan geratzea, fisikoki oso gogorra delako erditzea. Horri buelta emateko lanketa egiten dugu hemen.

Hiru piezako taldea daukazue Ilgoran: fisioterapeuta, emagina eta psikologoa. Nola doa lotura hori?

Erditze aurreko saioen artean badaukagu osoagoa den bat. Taldeko lanketa batzuk emaginarekin egiten dira, erditzeko kontu guztiak argitzeko, beste batzuk psikologoarekin, zalantzak, beldurrak eta tabuak argitzeko, eta beste batzuk nirekin. Azkenean, fisikoki ezin zara ondo egon emozionalki gaizki bazaude, eta alderantziz. Prozesua helduleku guztietatik lantzeko modua da. 

Zoru pelbikoan espezializatutako zentroa da hau. Arlo ezezaguna da oraindik? 

Bai. Zoru pelbikoak inplikazio zuzena du beste mota bateko lesioetan, eta iruditzen zait ez dela kontuan hartzen. Guregana iristen da aurretik dena probatu duen jendea, eta azken aukera modura begiratzen duena zoru pelbikoa; ohikoa izaten da lunbarreko lesioetan. Hor konturatzen da jendea zoru pelbikotik datorrela bizkarreko mina, edo eragin haundia duela. Orduan, fisioterapian oso inportantea den eta begiratzen ez den arloa dela esan dezakegu. Normala da jendeak ez lotura egitea beste minekin, baina zoru pelbikoa ere begiratu behar da. 

Zoru pelbikoa indartzeak edo lantzeak zer onura ditu?

Gorputzaren zati bat da, beste edozein bezala, eta ahula badago konpentsazioak beste toki batera joango dira. Nik ez badut zoru pelbiko egonkorra, gehiago erabiliko dut bizkarra edo gorputz adarrak. Erditzerako ere garrantzitsua da indarra izatea, eta erditzeostean ondo errekuperatzea ere bai. 

Ilgoran zer egiten da zoru pelbikoa lantzeko?

Hasteko, kasu bakoitza entzun eta bakoitzaren beharretara egokitzen gara. Ondoren, balorazio baten bidez arazoa identifikatzen dugu; nondik etorri daitekeen, besteak beste. Eta gero tratatu egiten dugu. Badaude zoru pelbiko batzuk ahul daudenak, horiek inkontinentzia izaten dute normalean, eta indartu egin behar dira. Beste batzuetan tenkatuegia dago, eta horrek eragin ohi ditu minak hilerokoan eta erlazioak izatean. Askotan normalizatu egiten ditugun arazoak dira, baina tratamendu egokiarekin hobekuntzak nabaritu daitezke. 

Horretarako masajeak erabiltzen dira gehien?

Eskuzko terapiarekin asko lantzen da, baina beste teknika batzuk ere erabiltzen ditugu; diatermia eta elektroestimulazioa, adibidez. Dena den, bai, fisioterapia aldetik eskuzko lanketa oso garrantzitsua da.

Pertsona batek zer egin dezake egunerokoan zoru pelbikoa lantzeko?

Uste dut garrantzitsua dela lehenengo balorazio bat egitea, bakoitzaren kasua ondo ezagutzeko. Egia da hipopresiboak asko erabiltzen direla indartzeko, baina kasu batzuetan ariketa horiek ez dira egokiak. Ohikoena zoru pelbikoa indartu beharra izaten da, kasu horietan tonifikatu egin behar da, eta korea lantzeko ariketak oso ondo etortzen dira; hipopresiboak ere bai. Baina erditzeoste batean diastasia dagoen kasuetan, hipopresiboak ez dira hain onak. Horregatik, lehenengo balorazio bat egitea da gomendagarriena, bakoitzaren pautak zehazteko. 

Haurdun dauden emakumeen kasuan, noiztik etor daitezke Ilgorara?

Denetik dago. Haurdun geratu aurretik balorazioa egitea ere ez dago soberan. Ikusteko zoru pelbikoa nola dagoen, indartu behar bada indartzen hasteko, haurdun geratzeari begira pauta batzuk zehazteko... Haurdun egon aurretik edo haurdun zauden momentutik etorri daitezke. 

Hasieratik hona, nabaritu duzue bilatutako leku seguru hori sortu duzuela?

Bai, nabaritu dugu. Niri asko ematen dit atentzioa jendeak nola eskertzen duen, eta nola esaten dizun bere gorputza ezagutzen ikasi duela; hori guztia, gainera, leku seguru batean. Jendeak ikusten du bere lagun bat etortzen dela, eta animatzen da. Denborarekin jende gehiago ari da etortzen, eta sekulakoa da nola transmititzen dizkiguten euren bizipenak.

Niri komentatzen dizkidate zoru pelbikoarekin zuzenean lotuta ez dauden kontuak, lasai hitz egin dezakete, eta hemen tratatu ezin dugunean beste espezialistetara bideratzen ditugu. Guretzat oso prozesu aberasgarria da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!