«Irabazteko anbizioa eduki behar dugu, jakinda ez dagoela despistatzeko denborarik»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Irati Galdeano eta June Elizalde Zubipen, Kronikarako elkarrizketan.

Igoera faseko triangularra jokatuko du gaur Hernanik, 17:00etatik aurrera, Zubipen. Denboraldi bikaina osatu dute ohorezko erregional mailako neskek, eta urteari ginga jarri nahi diote igoera bikoitzarekin. June Elizalde eta Irati Galdeano jokalariak «gogotsu» daude.

Denboraldi bikaina osatuta, igoera faseko triangularra jokatuko dute gaur ohorezko erregional mailako neskek. Sestao eta Altzarrate jasoko dituzte Zubipen, 17:00etatik aurrera, eta 45 minutuko bi zatitan jokatuko dute igoera. Arratsalde haundia izan daiteke gaurkoa Hernanirentzat; izan ere, gaur igoera lortzen badute, nesken lehenengo bi taldeak igoko dira. June Elizalde eta Irati Galdeano jokalariek denboraldiaren errepasoa egin dute. 

 
Iritsi da egun erabakigarria, zer moduz zaudete?

JUNE: Oso gogotsu gaude. Urte osoko lanaren ordaina da hau, eta orain jarraitzeko eta emaitza onak nondik etorri diren erakusteko intentzioarekin gaude. Egia da, aldi berean, urduri ere bagaudela, badakigulako bigarren taldeak igoera lortu duela, eta gure esku dagoela igoera bikoitza ahalbidetzea. Beraz, gogotsu bai, baina presio puntutxo batekin. 

Azken asteak bereziak izan dira? Nola joan dira entrenamenduak?

IRATI: Aste bereziak izan dira, baina normal entrenatzen jarraitu dugu. Gaurko eguna iristeko geroz eta gogo haundiagoarekin. 

J: Azkeneko astean eta azken jardunaldian egia da pixka bat erritmoa jaitsi genuela, hori behar genuen. Urtea oso gogorra izan da, ez dugu arnasa hartzeko tarterik izan, eta intentsitatea jaitsi genuen. Baina azken aste honetan gogor entrenatu dugu, igoera faseko partiduetara ondo iristeko. 

Igoera fasea triangular formatuan jokatuko duzue, 45 minutuko bi zatitan. Ez dago akatsik egiteko tarterik. 

I: Bai, sentitzen dugu presio hori, ezin da akatsik egin. 45 minutuko partidu batean despiste minimo bat aprobetxatu dezake aurkariak. Hala ere, uste dut entrenatzen ari garen modura egiten baditugu gauzak ez dugula akatsik egingo. Noski denok garela pertsonak, eta akats txikiren bat egin dezakegula, baina konfiantza haundia daukagu talde honetan. Gainera, jokalari batek akats bat egiten badu, talde osoa dago bertan egoera horri buelta emateko. 

J: Nik uste dut lanaren zati haundi bat eginda dagoela, orain arteko gure saiakera eta entrenamenduetako prestaketa oso haundia izan delako. Orain irabazteko anbizioa eta nahia da behar duguna, jakinda, diozuen modura, 45 minutuko lehia izango dela talde bakoitzaren aurka, eta ez dagoela despistatzeko denborarik. 

Sestao eta Altzarrate izango dira gaurko aurkariak, haien erreferentziarik baduzue?

I: Badakigu guk bezala amaitu dutela urtea, bigarren postuan, eta ez direla aurkari errazak izango. Kontzentratuta gaude bi partiduak irabazteko, baina ez dugu pentsatzen haiek baino gehiago garenik. Borroka egongo da zelaian. 

J: Are gehiago 45 minutuko partiduak izanda. Denbora murrizten denean desberdintasunak ere murrizten dira, eta lehia asko haunditzen da. Guk gurea egitera atera behar dugu dena ondo irteteko. 

Orain arte denboraldi bikaina egin duzue, nola bizitu duzue barrutik?

I: Nik uste dut oso talde polita daukagula. Jokalari onak daude gure taldean, baina ez dugu inoiz pentsatu beste batzuk baino gehiago garela, gutxiago ere ez. Azkenean, zelaira sartzean ahal duzun guztia egiten saiatu behar duzu, eta guk horixe egin dugu urte osoan zehar. Beti izaten dira irristadak, baina uste dut denboraldi hain polita etorri dela talde polita izatetik, alde guztietatik begiratuta. Horrek eragin zuzena izan du garaipenetan. 

J: Erronka modura ere hartu dugu denboraldi hau. Aurreko urtean igoera faseko atarian geratu ginen. Gainera, aurtengo denboraldi hasiera ez da erraza izan, jokalari asko galdu genituen gure taldean erreferenteak zirenak, eta urteari horrela ematea hasiera ez da erraza izan. Egia da gerora taldearen konfiantza maila igotzen joan dela, eta hori oso potentea da; horrek eman digulako denboraldi guztian zehar goran mantentzeko gogoa eta anbizioa. 

Horrez gain, entrenatzaile taldea haunditu izanak ere asko lagundu du. Aritzen ilusioa eta gugan jarri duen konfiantza, bigarren entrenatzailea edukitzea, prestatzailea edukitzea, laguntzeko borondatea duen koordinatzailea edukitzea... Orduan, egia da futbolistikoki eman behar dela maila, baina aipatutako guzti honek mantendu gaitu goran. 

Partidu pila bat irabazi dituzue, baina, hala ere, estu bukatu du sailkapenak. Reala oso goitik eta Mariño oso gertu. 

J: Argi dago Realak beste baliabide batzuk dituela, eta horiek edukitzeak ere erraztasuna ematen duela nagusitasuna lortu ahal izateko. Alde horretatik, argi geratu da ligako onenak izan direla. Baina tira, emaitzei erreparatu gabe, nik uste dut haien aurkako partiduetan gure lana eta gure baloreak erakutsi ditugula, hasieratik bukaerara. Horrekin geratu behar dugu. 

I: Hori da. Guk ahal genuen guztia eman genuen. Argi dago nagusitasuna izan dutela, den taldea delako. Guk gure baloreak erakutsi genituen, ahal genuen guztia egin genuen, baina beti daude norbera baino hobeak izango diren taldeak.

J: Mariñoren kasuan, gakoa izan da haien aurkako partiduak irabaztea. Irunen eta Zubipen irabaztea lortu genuen, eta horrek eman digu igoera fasea jokatzeko txartela, denboraldia puntu kopuruan berdinduta amaitu dugulako, eta gol diferentziagatik sartu garelako. Haiek ere oso denboraldi ona egin dute eta oso jokalari onak dauzkate, talde lehiakorra da. 

Zenbait jokalari garrantzitsuk taldea utziko dute aurten. Hori ere motibazioa izango da gaurko...

I: Nik harmailetatik ikusi beharko ditut gaurko partiduak, baina uste dut oso garrantzitsua dela barruan egongo direnak eta kanpoan egongo garenak gogotsu egotea irabazteko. Irabazten badugu denok irabazten dugu, barrukoek eta kanpokoek. 

J: Irati, adibidez, azken denboraldi honetan gehiago egon da zelaitik kanpo, zelai barruan baino. Uste dut azken partidu honetan, bai beretzat eta bai taldearentzat, ezinbestekoa dela hemen egotea eta taldearekin batera borrokatzea, zelaitik kanpo bada ere. Azkenean taldearentzat beste erreferente bat da, eta aurreko urteetan zelai barruan eman dion bezala, aurten zelai kanpotik ere asko eman dio taldeari. 

Azkenik, zer esango zeniekete herritarrei Zubipera jaisteko?

I: Animatzeko. Gure jendea bertan partidua ikusten egotea oso garrantzitsua da guretzat. Egia da horrek urduritasun edo tentsio puntu bat gehitzen digula, jendea gerturatzeak eta gertu sentitzeak presioa eransten duelako. Baina gogoa daukagu jendea etortzeko, eta, batez ere, emakumezkoen futbola ikustera etortzeko. Denen laguntzarekin pentsatzen dugu guretzat ere xamurragoa izango dela; beraz, 17:00etan denak Zubipera!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!