Bertso afari ederra egin zuten aurreko asteko ostiralean Itxas-Burun, Illarregirekin eta Martikorenarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Giro ederra jarri zuten bertsolariek.

Joanes Illarregi leitzarra eta Eñaut Martikorena hernaniarra izan ziren ostiral gaueko protagonistak. Erritmo biziko saioa osatu zuten, Itxas-Burura bertaratu ziren bertsozale guztien gozagarri. 80 pertsonatik gora bildu ziren.

Gaur hasiko dira ofizialki Osiñagako Jaiak, eguerdiko txupinazoarekin. Hala ere, urtero bezala, pasa den astean egin zuten egitarauko lehenengo ekitaldia. Bertso afaria antolatu zuten Itxas-Buru sagardotegian, auzoko festen preludio gisa.

Bertan aritu ziren Joanes Illarregi eta Eñaut Martikorena bertsolariak. Librean osatu zuten saioa bertsolari gazteek, eta biek erakutsi zuten maila txukuna; erritmo bizian osatu baitzuten saio osoa. 80 pertsonatik gora elkartu ziren Itxas-Burun, eta oso gustura geratu ziren guztiak.

Bertsolaritzaz gozatzeko aukera dago oraindik

Osiñagako Jaietan beti du tarte berezia bertsolaritzak, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Gaur bertan Bertso Eskolako Janitz Nazabal, Iker Ormazabal 'Tturko', Ekain Tolaretxipi eta Harri Agirresarobe gazteak arituko dira kantuan, herri kirolen ondoren. Auzoko kirolarien arteko lehian gertatzen direnak aletuko dituzte kantuan.

Bihar, aldiz, Unai Agirrek eta Aitor Mendiluzek hartuko dute lekukoa, eta bi saio egingo dituzte: lehena eguerdiko 13:00etan, eta bigarrena arratsaldean, Artolaren eta Telleriaren idien arteko dema amaitzen denean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!