«Ez gara konturatzen zeinen lur onak dauzkagun, eta zer nolako produktuak ekoizten ditugun hemen»

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Zuhaitz Urbistondo Otegi, bere baratzeko ilar artean.

Proposamen berriak jarri dituzte Osiñagako Jaietako egitarauan; horien artean dago auzoko baserritarren produktuen azoka. Bihar goizeko 11:00etan egingo dute, eta Zuhaitz Urbistondo Otegi sustatzailearekin hitz egin du Kronikak.

Aurtengo Osiñagako Jaietako egitarauak dakarren berritasunetako bat da auzoko baserritarren produktuen azoka. Bihar, goizeko 11:00etatik aurrera, inguruko ekoizleen produktuak erosteko aukera izango da Arriatsun. Sustatzailea Zuhaitz Urbistondo Otegi izan da, baratze munduan buru belarri dabil Loidi baserriko gaztea, eta gogotsu dago biharko. 

Azokaren lehenengo edizioa da aurtengoa, nondik dator ideia?

Denbora gutxian baserritar eta ekoizle asko elkartu gara produktu desberdinekin eta salmenta nolabait zabaltzeko asmoarekin. Orduan, gutxi ginela ikusi izan bagenu ez genuen antolatuko; baina, dexente elkartu garenez, bururatu zitzaidan azoka hau antolatzea, erakusketa modura, gure produktuak ikusarazteko eta gure lana ezagutarazteko. 

Zenbat baserritar elkartu zarete azokarako?

Sei-zazpi baserritarren produktuak izango ditugu bertan, ingurukoak guztiak. Horiek elkartu gara. 

Zein da azokaren helburu nagusia?

Bilatzen duguna da jendea bertako produktuaz interesatzea, eta, ahal den heinean, jakitea nondik datorren eta zeintzuk gabiltzan horiek ekoizten. 

Zer ekoizten da gehien Osiñaga inguruan? Zer topatuko dugu bihar?

Baratzeko produktuak ekoizten dira gehien, eta barazkiak izango dira produktu gehienak. Arriatsu barazkiekin etorriko da, Altuna ere barazkiekin etorriko da... Nire postua izan daiteke produktu desberdin gehiago dituena. Izan ere, baserriz baserri joan nintzen inguruko ekoizleei azokaren proposamena egiten, bihar etor zitezen. Batzuk esan zidaten ezingo zutela momentu horretan etorri, eta esan nien nire postuan haien produktuak jartzeko aukera zutela. Beraz, gazta, haragia eta bestelako produktu batzuk ere izango ditugu; baserritar guztiak etorriko ez diren arren, nahi izan duten guztien produktuak edukiko ditugulako bertan.  

Zer ekoizten duzu zuk?

Barazkiak gehienbat. Oraintxe piperra, baina, porrua, ilarra, letxuga, tipuliña eta patata daukat. Denetik pixka bat. 

Zure kasuan, ez da ohikoena hain gaztea izanda nekazaritzara bideratzea eguneroko jarduna. 

Ni orain arte beti ibili naiz baratze mundutik gertu, eta hurrengo urtetik aurrera horretara dedikatzeko asmoa daukat. Gazteen artean egia da ez garela asko; Hernanin 20 urterekin baratze munduan hasi nahi duen bakarretakoa naiz, eta nire inguruko jendeak beti esaten dit halakoak ez direla egunero ikusten. Animoak ematen dizkidate eta ni motibatuta nago. 

Zer esango zenioke jendeari azokara hurbiltzeko? 

Hernanin aspaldik datorren joera da kanpotik datozen produktuak erostea, ia zaporerik ez dutenak, ahalik eta merkeen. Orduan, gure ustez, bertako produktua apreziatzea da kontua. Ez gara konturatzen zer lur dauzkagun, bertan dauden mineralak zeintzuk diren, eta nolako produktuak ekoizten ditugun hemen bertan. Adibidez, Marruekosetik etortzen den bainak saltzen dira hemen, baina hango bat eta hemengo bat probatzen duenak segituan nabarituko du ez duela zer ikusirik. Gureak daukan zaporea oso bestelako da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!