Herri kirolek, bertsoek eta dantzaldiek girotuko dute Osiñaga asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Auzotar askok parte hartu ohi dute bizikleta biran. Ondoren, eguerdiko 12:00etan izango da txupinazoa.

Festa giroa gailenduko da asteburu honetan Osiñagan. Eguerdiko 12:00etan egingo dute txupinazoa; eta bazkaria, herri kirolak, bertsoak eta dantzaldia izango  dira ondoren. Jaiek bihar izango dute jarraipena, pelota partiduekin, bertsolariekin eta idi demarekin.

Auzoetako festek jarraipena izango dute asteburu honetan, Osinagako Jaiek hartuko baitute Mendekoste Jaien lekukoa. Ohi bezala, ez dira bertsoak, herri kirolak, otorduak eta dantzaldiak faltako Osiñagan, eta egitarau zabala antolatu dute gaurko eta biharko.

Txupinazoaren aurretik, goizeko 10:30etan, bizikleta bira egingo dute auzoan zehar. Bizilagun ugarik parte hartzen dute bizikleta biran, eta ongi merezitako hamaiketakoa egiten dute ondoren Arriatsun. Behin indarrak guztiz berreskuratuta, orduan bai, jaien hasiera ofiziala egingo dute, txupinazoarekin eta haur jolasekin. 

Auzotarren bazkariarekin jarraituko du larunbatak, eta arratsaldean iritsiko da ekitaldi nagusia: herri kirolak. Auzoko eta inguruko kirolariek osatuko dituzte lanak, eta elkarren aurka lehiatuko dira hiru modalitatetan. Harria jasotzen Andoni Saizar eta Andoni Mujika 'Anatx' arituko dira; aizkoran Malen Barrenetxea eta Igoin Pikabea, Oihana Fernandez Barrenaren eta Kimetz Oinederraren aurka; eta, azkenik, gizon frogan Aiert Rodríguez 'Paolla' eta Iraitz Arruti, Lekuren eta Xabar Arrutiren aurka lehiatuko dira. Giro ederra sortu ohi da herri kiroletan, eta auzotarren arteko lehia sanoa sustatzea da helburua.

Zer kontatua emango dute herri kirolek, eta gertatutako guztia aletzea izango da Hernaniko Bertso Eskolako bertsolari gazteen lana. Izan ere, kirolak amaitu orduko kantuan hasiko dira Ekain Tolaretxipi, Janitz Nazabal, Iker Ormazabal 'Tturko' eta Harri Agirresarobe. 

Eguna amaitzeko, hiru ekitaldi gehiago izango dira Osiñagan. Sagardo dastaketa arratsaldeko 19:30etan hasiko da, eta zintzurrak busti ondoren auzo afaria egingo dute Arriatsun, Euskal Parrilako kideek sukaldatuta. Gaua girotzea Laiotz taldearen ardura izango da, 00:30etan hasiko baita kontzertua eta dantzaldia. 

Festak jarraipena izango du igandean

Parrandazaleenek atseden hartzeko tartea izango dute bihar goizean. 11:00etan jarri dute lehenengo hitzordua, auzoko baserritarren produktuen azokan. Bertako langileek urtean zehar egiten duten lana ikusarazteko balioko du azokak. 

Eguerdian kirolak hartuko du berriro protagonismoa. Gazteen arteko pelota partiduak jokatuko dira Osiñagan; eta gaurko formatu antzekoa errepikatuta, bertsolariak izango dira jarraian. Gazteek lekukoa utziko diete Unai Agirreri eta Aitor Mendiluzeri. Egun osoko jardunean arituko dira bi bertsolariak, bazkaldu aurretik egingo dute lehenengo saioa, eta arratsaldean bigarrena. 

Biharko bazkaria ere Euskal Parrilako kideen esku egongo da, eta bapo bazkaldu ondoren igandeko ekitaldi nagusia egingo dute. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da Idi Dema, Artolaren eta Telleriaren idiak aurrez aurre jartzeko.

 

OSIÑAGAKO JAIAK 2023

GAUR

10:30 Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren hamaiketakoa izango da Arriatsun, parte hartzaileentzat.

12:00 Txupinazoa eta haur jolasak.

14:00 Bazkaria guretzat.

18:00 HERRI KIROLAK:

Harrian: Andoni Saizar eta Andoni Mujika 'Anatx'.
Aizkoran: Malen Barrenetxea eta Igoin Pikabea, Oihana Fdz. Barrena eta Kimetz Oinederraren aurka.
Gizon frogan: Aiert Paolla eta Iraitz Arruti, Leku eta Xabat Arrutiren aurka.

Ondoren Bertso saioa Hernaniko eskolako bertsolariekin.

19:30 Sagardo dastaketa.

21:30 Auzo afaria, Arriatsun, Euskal Parrilakoek prestatuta.

00:30 Dantzaldia LAIOTZekin.

BIHAR

11:00 Auzoko baserritarren produktuen azoka.

12:00 Gazteen arteko pelota partiduak.

13:00 Bertsolariak: Unai Agirre eta Aitor Mendiluze.

14:00 Bazkari herrikoia, Arriatsun. Euskal Parrilakoek prestatuta.

18:00 Idi dema: Artola eta Telleriaren idien artean.

Ondoren bertsolariak, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!