Mendeurreneko Rallyak 1923an hasi ziren formula lasterketak oroituko ditu

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 2a, 00:00
Lasarten hasten zen Sari Nagusia munduko pilotorik onenekin.

Orain 100 urte hasi ziren munduko piloto onenak Lasarteko Zirkuitoan eta etzi igandean Hernanitik pasako dira eguerdi aldera kotxe klasikoak.

Lasarteko Zirkuituaren I. Mendeurreneko Rallya ospatuko da igandean, formula klasikoekin, eta Hernanitik etzi igandean pasako dira, eguerdi aldera, 11:30etan Lasarten hasi eta 12:30etan amaituko den rallyan. Real Automóvil Club Vasco Navarrok (RACVN) 100 urteko historia eta jarduera beteko ditu 2023an, baita Lasarteko Zirkuitoan (Lasarte-Andoian-Urnieta-Hernani) formula lasterketak hasi zirenetik.

Hori dela eta, gizarte, kultura eta kirol-jarduerak antolatu dira bihar eta etzi Donostian, besteak beste, RACVN-FEVA 2023 Lasarteko Zirkuituko Mendeurreneko Rallya. Erakustaldi eta trebetasun ekitaldia da, ez kirol arlokoa ezta lehiakorra ere. Lasarteko Zirkuituaren I. Mendeurreneko Rallya, klasiko historiko paregabeen eta errepikaezinen rallya izango da. «Museoko 43 auto esklusibo eta zahar, baina primeran dabiltzanak biltzen dituena», Real Automóvil Club Vasco Navarrotik (RACVN) azaldu dutenez.

Ekitaldiaren hasiera Donostian izango da, eta balio historiko handiko 43 auto klasikok eta 8 motorrek hartuko dute parte, guztiak 1936. urtea baino lehen eginak. Parte-hartzaileak Alderdi Ederretik irtengo dira Kontxa Pasealekutik, Antigua auzotik eta Añorgatik Lasarte-Oriara joateko, Txartel hotelaren ondoko Zirkuitu Pasealekura.

Zirkuito historikoaren irteerarekin eta helmugarekin bat datorren puntu horretatik, parte-hartzaileek zirkuituaren ibilbidea osatuko dute, Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta eta Hernani zeharkatuz. Zirkuitu mitikoan jokatutako proben lehen edizioetan egiten zen motorrerako geldikako irteera bereizgarria emulatuko da.


Bugatti, Sunbeam, Alfa Romeo, Maserati, Varzi, Chiron edo Segrave bezalako pilotuekin

RACVNren mendeurrena eta Lasarteko lehen Sari Nagusiaren mendeurrena estuki lotuak daude, antolatzailea izan baitzen Real Automóvil Club Vasco-Navarro.

Aurten mende bat betetzen da Lasarteko lehen Sari Nagusia ospatu zenetik eta rally hau RACVNren ospakizun jardueren egutegi baten parte da. Lasarteko Zirkuituan, 1923tik Gerra Zibila piztu zen arte, automobil taldea «Bugatti, Sunbeam, Alfa Romeo, Delage edo Maserati bezalako markak eta Louis Chiron, Achile Varzi, Tazio Nuvolari edo Henry Segrave bezalako pilotuak erakartzeko beharrezkoa zen maila altuari eusteko gai izan zen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!