Jaialdi Gastronomikoan, etzi, hogeiren bat herrialdeetako jakiak dastatzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 2a, 00:00

10:00etan Santa Barbaran sukaldaritza tailerra eskainiko da eta dastaketa 12:00etan hasiko da eta bi orduz luzatuko da Atsegindegin.

Jaialdi Gastronomikoa bueltan da Hernanin eta etzi izango da, 12:00etatik 14:00etara, Atsegindegin. Hala ere aurretik sukaldaritza tailerra ere antolatu da Santa Barbara elkartean 10:00etan, gazteentzat. Herrialde ezberdinetako jakiak probatzeko aukera paregabe dute hernaniarrek.  

Hiru urteko hutsunearen ondoren, aurten berriro antolatuko du Amherrek ohiko Jaialdi Gastronomikoa. Bertan, Hernaniko, Ertamerikako eta Hego Amerikako, Afrikako eta Asiako plater goxoenak probatu daitezke. Guztira, hogeiren bat herrialdetakoak: Argentina, Bolivia, Kolonbia, Venezuela, Kuba, Txile, Peru, Paraguay, Hon­du­ras, Nikaragua, Mexico  eta Domi­nikar Errepublikakoak; Nigeria, Senegal, Aljeria, Maroko eta  Mendebaldeko Saharakoak; Mon­go­liakoak... Eta baita Hernanikoak ere.
Horrela, kulturen arteko ezagutza bultzatzeko eta ha­rremanak egiteko aukera pa­re­gabea izango dute.

10:00etatik 12:00etara, Santa Barbara elkartean, 8-12 adin tarteko haurrentzat sukaldaritza tailerra egingo da eta aurretik izena eman behar da.

Jaialdiko ekitaldi nagusia, Atsegindegiko plazan 12:00etan hasiko da. Jakien dastaketan bi pintxo eta edaria bost euroren truke eskuratu daitezke.

 

Kamixetak eta mantalak, salgai

Jakiez gain, Amherreko gazteek diseinatutako kamisetak eta aurreko mantalak egongo dira salgai, dena %100 kotoi organikoan egina. Bi diseinu dituzte: Lehenak Amher kolorekoa azaltzen du (arrazakeriaren aurka, feminismoa, natura...). Bigarrenak pertsona bakoitzak bere sustraiak dituela adierazten du eta Amherren elkartu eta hegan egiten dutela askatasuna aldarrikatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!