Ekai Legorburu saritua izan da Miranda de Argako ipuin lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 00:00

Bigarren gelditu da aurkeztu ziren 37 lanen artean.

Aurreko asteburuan jaso zuen Osiñagako Ekai Legorburuk Miranda de Argako Euskararen Lagunak elkarteak urtero antolatu ohi duen 16.Erdialde Ipuin Lehiaketako bigarren saria. Legorbururi D euskara ereduko kategorian parte hartzea tokatu zitzaion, 6-10 urte bitartekoan. Orotara, 37 lan aurkeztu ziren eta Elizatxo ikastolako ikasleak Xakearen erresuma lana aurkeztu zuen.

Ipuinean zehar, intriga askoko xake taula batean erasotzen duten errege bat edo erregina bezala koroatzen diren peoiak ditu hizpide, bukaerako alegia batekin: Pieza guztiak, beltzak zein txuriak, ahulak edo indartsuak, kutxa berean amaitzen dutela partidaren ostean, bizitzaren xake taulan inor ez dela beste inor baino gehiago adieraziz.

Sari gisa, Uharte-Arakileko izotz jauregirako 2 sarrera, Mugitu rokodromorako beste bi sarrera eta Garrarte gozogileen Tablet formako txokolatea egokitu zitzaizkion.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!