Alderdi guztiak elkarri txaloka, legegintzaldiko azkeneko plenoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 00:00
Udal eraikineko langileak «nekatuta» agertu ziren plenoan.

Gai zerrendako gai guztiak onartutzat eman ziren astearteko osoko bilkuran.

Asteartean egin zuten legegintzaldiko azken plenoa, ohi bezala, udaletxeko areto nagusian. Zazpi puntu landu zituzten, eta 2023ko apirilaren 25 eta 27ko akten onarpenarekin hasi zuten osoko bilkura. Jarraian, Xabier Lertxundi alkateak dekretuen berri eman ostean, udal Ondasun eta eskubideen inbentarioaren eguneraketa onartutzat eman zen, aho batez.

2022ko urteko kontuen kontu orokorrak ere ontzat eman zituzten, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko bozkekin, eta Podemosen abstentzioarekin. 

Seigarren puntuarekin sortu zen zalaparta; izan ere, Hernaniko zenbait udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren luzapenei buruzko xehetasunak ematen hasi zen Koro Etxeberria kultura zinegotzia, honakoa aipatuz: «Udalak ez publifikatzearen arrazoi nagusia da legedia aplikatuz gero, gaur egun kontratatuta zaudeten emakume guztiak, seguruenik kale gorrian geldituko zinateketela. Gaur egun ez dagoelako aukerarik legea aplikatuz subrogaziorik emateko. Beraz, zerbitzua eman nahi bada, derrigortuta gaude urte betez luzatzera». Udal eraikinen garbiketa zerbitzuko langileek pankarta haundi bat zabaldu zuten, 'azpikontratazioa ez!' aldarria egiten zuena. Eta Podemosek ondorengoa adierazi zuen jarraian: «bost herritan dagoeneko publifikazioa egin dute», eta besteak beste aipatu zituen Zumaia eta Barakaldo. «Hau egiteko enpresa publiko bat behar da, eta Hernanin badaukagu, Garbitania. Hori dela eta, zerbitzu honen munizipalizazioa zorrotzago aztertzeko» eskatu zuen Jaione Aristregik. 

Udal eraikinen garbiketa zerbitzuko langileen ordezkari batek hartu zuen hitza: «nekatuta gaude, enpresa berri hau etorri da eta gero eta okerrago gaude. Langileok, gero eta ordu gehiago sartzen ditugu, ez dute zerrendarik jarraitzen, eta nazkatuta gaude. Enpresaren arauak jarraitu behar ditugu, eta hor ikusten da Udalak ez duela jarraipenik egiten, eta ez bakarrik enpresarena, baizik eta langileena. Ikusten dugu Zumaian lortu dutela, 12 pertsona publifikatu dituzte. Beraz, eskatu nahi dugu jarraipen bat egitea eta gure baldintzak hobetzeko erabakiak hartzea edo gutxienez ikertzea».

Koro Etxeberriak erantzun zion udal eraikinen garbiketa zerbitzuko ordezkariari ondorengoa azpimarratuz, «publifikazioa lortu nahi genuen baina ez zegoen modurik, kalterik sortu gabe. Modu bat badago, publifikatzeko aukera dago, baina ondorio kaltegarriak ditu. Prest gaude horretarako?». 

Eztabaidatzen jarraitu ostean, bozkatzera pasa ziren, eta kontratuaren luzapena onartutzat eman zen, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Podemosen kontrako bozkarekin.

 
Elkarri txaloka amaitu zen plenoa

Plenoa amaitzeko, Jesus Mari Lopez (PSE-EE), Isa Sanchez (EH Bildu) eta Esti Aldeiturriaga (EH Bildu) zinegotziek hitza hartu zuten, eskerrak emateko. Lopezek ondorengoa jakinarazi zuen: «eskerrak eman nahi dizkiet denei, etxean bezala sentitu naizelako, eta oso tratu kordiala izan dugulako». Jarraian, Lertxundik ondorengoa erantzun zion: «arrazoi duzu Jesus Mari, udal taldeen arteko harremana oso kordiala izan da, nahiz eta prentsan ez plasmatu tratua. Eskertzen dira zure hitzak».

Amaitzeko, Isa Sanchezek eta Esti Aldeiturriagak hartu zuten hitza, eta esker hitzak izan zituzten udal talde, langile eta guztientzat». Emozioz eta elkarri txaloka agurtu zuten denek legegintzaldiko azken plenoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!