Oroimen historikoaren ekitaldia antolatu du EPAB elkarteak eta etzi hasiko da, Loidin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 31a, 00:00

Ekainaren 2tik 4ra bitarterako antolatu dute ekitaldia. Hernanin hasiko da etzi eta jarraipena izango du Donibane Lohizunen, eta Urruñan. ekainaren 3an.

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak Kultur Elkarteak, oroimen historikoaren ekitaldia antolatu du, aste honetarako. Etzi hasiko da eta ekainera bitarte egingo dituzte ekintzak. Antolatutako ekintzekin, EPAB elkartekoek gogora ekarri nahi dute: «1942an gerrako preso baten nazien kontzentrazio-eremu batetik ihes egin zuenekoa. Tom McGrath irlandar kaboak Poloniatik, Alemania eta Frantzian barrena ihes egin zuen eta 1943an Euskal Herrira iritsi zen. Oroimenezko mendi-martxa modura, Tomen ihesaldiaren azken etapa hori oroituko dugu - Donibane Lohizune, Urruña, Ibardineko lepoan gelditu eta Berara iritsi arte». Hala, asteburuan Tom McGrath iheslariari eta lagundu zioten guztiei omenaldia egingo diete, aldi berean, ihesbide sare guztiei eta iheslari guztiei. Gainera, parte-hartzaileen artean, Tom McGrath-en semeak eta ilobak bat egingo dute antolatutako ekitaldiarekin.

Etzi hasiko da oroimen historikoaren ekitaldia, arratsaldeko 19:15ak aldera, Loidin. Hernaniko mugalariei eta beste laguntzaileei omenaldia egingo diete: «Hernaniko alkatearen ongi-etorria, herritar eta ihes-lerroaren ondorengoekin. Tom McGrath-en semea eta iloba izango dira». Etzidamu, jarraipena izango du ekitaldiak, Donibane Lohizuneko kaian, Orion ihes sareko kide zen Andrée Grioterrayri omenaldia eskainiko diote, eta jarraian, Donibane Lohizuneko tren geltokian, Tom MCGrath iheslaria ere omenduko dute. Egun berean, goizeko 10:30ak aldera, Sokoako hilerrian Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarra ekarriko dute gogora, eta horrez gain, Nazien aurkako erresistentziako kide zen Kattalin Aguirre ere omenduko dute. Larunbata borobiltzeko, Urruñara oinez joan ostean, 12:30ak inguruan, herriko oroitarriaren aurrean, Comete sareko kide eta nazien kontzentrazio-esparruko biktimari, Jean Larburu hernaniarrari eta Tom McGrathi omenaldia egingo diete.

Ekitaldiari amaiera emateko, ekainaren 4an Ibardingo lepoan, berriro ere omenaldia egingo diote Tom McGrathi. Eta ekitaldiari amaiera emango zaio, herritar eta ihes lerroen ondorengoekin eta Udalarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!