Eta bai hernaniarrok badakigu gaztelaniaz, baldinbait ere!, baina berriro diot, horrek gure euskara baztertzen du, baztertzen dugu ezinbestean, eta gaztelania, gure gaztelania ere gizentzen eta gure euskara erkintzen eta kaskartzen edo ez-garatzen uzten behinik behin, bakoitzak bere arloan, eta ez al gaude gero eta ezaxolago euskararen alderako.
Nire iritzirako 1970 ingurutik 1985-1990 ingurura arte izan genuen euskaldunok euskararen kezka, eta irakaskuntza eta administrazioa eta ikus-entzunezkoak euskaratzera jo genuen, asko luzatuta XX. mende amaieraino, baina handik aurrera beti beste gai batzuk aurreratzen zaizkigu, eta horrela jarraitzen dugu egun ere, eta gure euskara beti atzean gelditzen da gure kezken zerrendan, azken aldean.
Zenbat indar eta bortxa erabili duten espainolek euskara gutxietsirik eta arlote eta zarpailtzat jorik, eta gizarteko arlo garrantzitsuenetik bazterturik, Nafarroako konkista garaitik hasita, euskaldunok ahantz dezagun, eta gaztelaniaren bitartez, Hegoaldean, mundura atera gaitezen, bereziki XIX. mendetik hona, eta zein gutxi iraun dugun euskaldunok euskara sujet garrantzizkotzat jotzen, agintarietatik hasita!
Fenomenoa globalagoa da, ez bakarrik Hernanikoa. Bai noski! Beste toki askotako euskaldunak Hernanin baino okerrago ibiliko dira, bai, baina Hernanin ere aukera asko ez dugu izaten euskaraz mintzatzeko eta horretaz oso kontziente ez bagara, gero eta aukera gutxiago izango dugu, gero eta espainolago izango gara geure herrian.
Soluziorik ez dut noski, baina kezkarik gabe ez ote dugu jai, eta kezkarik ba ote dugu hernaniarrok Hernanin euskaldun gisa daukagun bizimoduaz? Hauteskunde propagandan ez dut sumatu eta ez da seinale ona. Hauteskunde antzerkia amaitzera doalakoak kontsolatzen nau, partez, baina partez bakarrik. Gero eta gutxiengo gutxiengotuagoak gara euskaldunok Euskal Herrian, eta itxura guztien arabera, joera horrek haizea du alde; eta, justu, bestelako joera behar dugu XXI. mendean ere euskaldun gisa iraun eta bizi nahi badugu!