Bihartik hasita, bi astez jarraian, 'Ingurumen jardunaldiak' antolatu ditu Sagarreta Natur Taldeak, maiatzaren 31rako, ekainaren 1erako, 8rako, 9rako eta 11rako. Eta jardunaldiez gain, argazki erakusketa jarriko dute kalean, ekainaren 3an: «gu ere kalean egingo gara» aitortu dute taldekideek.
Jardunaldiei hasiera emateko, bihar 'Energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa'ri buruzko mahainguru baten bueltan bilduko dira ondorengo adituak: Aitziber Sarobe Egiguren, Biologoa eta natur kontserbazionista; Alvaro Campos Celador, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakaslea; Mikel Otero Gabirondo, EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkaria; eta moderatzaile lanetan izango da Eli Pagola Apezetxea. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera mahainguruari, Biterin.
Ekainari hasiera emateko, berriz, 'Herriz herri basoak sortu' hitzaldia eta laburmetraia eskainiko dute eta arratsaldeko 19:00etan hasiko dira. Parte hartzaileak izango dira: Jose Mari Landa (Basokideak), EA (Bizkaia) herrian Ullako basoari buruz jardungo da; Sagarreta Natur taldeak ere hitza hartuko du Hernanin baso bat sortzeko egitasmoa aurkeztuz; eta jarraian, 'Noizko Basoa filma proiektatuko dute, eta Mikele Landa Eiguren zuzendariak aurkeztuko du filma.
Ekainaren 8an, 'Urumea ibaia: Akarregi-Ergobi tartean uholdeetatik babesteko proiektuaren (ebakidura lehorra)' azalduko dute Ura Agentziako ingeniaria eta obra zuzendaria den Eduardo Sanchok eta GFAko Ibai inguruneko goi teknikaria den Aitor Lekuonak.
Ekologia, Feminismoa eta Antropologiari buruzko irakurketa bat ere antolatu dute ekainaren 9rako. Irakurketa taldearen eta Hernaniko Kale Literatura taldearen eskutik. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, Leokako labaderotik hasita. Eta azken jardunaldia, ekainaren 11n izango da, Aranoko aparkalekuan. Mendi ibilaldia eginen dute, Mandoegi makrozentral eolikoaren proiektuak eragindako lurretara bisita eginez, 09:00etan hasita.