Berdin jarraituko du Hernaniko Udalak datozen lau urteetan. EH Bilduk gehiengo absolutuarekin gobernatuko du, eta Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak alkate izaten jarraituko du. Botoen %47,51 jaso du EH Bilduk, 4.265 boto, 2019ko hauteskundeetan baino 1,60 puntu gehiago (%45,91).
EAJ-PNV izango da bigarren indarra, 6 zinegotzirekin. Jeltzaleek jaitsiera izan dute botoen ehunekoan, eta 2.264 jaso dituzte. Hirugarren indarra izateko borrokan, PSE-EEk aurrea hartu dio Elkarrekin Podemosi. Sozialistek 1.070 boto jaso dituzte, eta 947 koalizioak. Beraz, 2 ordezkari izango ditu alderdi bakoitzak datozen lau urteetan. Azkenik, ordezkaritza lortzetik oso urrun geratu da PP; 213 boto jaso ditu, eta ez da Hernaniko Udalean sartu.
Parte hartzea oso baxua izan da orokorrean, eta Hernanin ere behera egin du aurten; %6,90 jaitsi da, eta 6.677 herritar geratu dira bozkatu gabe.
Gehiengo absolutua, laugarrenez jarraian
21 zinegotzi ditu guztira Hernaniko Udalak, eta horietatik 11 izango dira EH Bildukoak. Gehiengo absolutuarekin gobernatuko du, beraz, Xabier Lertxundik. Halako emaitza lortu zuen koalizioak 2019ko hauteskundeetan, baita 2015ean eta 2011an ere.
Gainera, tarte haundiagoarekin lortu du gehiengoa oraingoan; 13 botok erabaki zuten 2019an, eta tarte dexente zabalagoa eskuratu dute aurten.
Datuak esku artean izan orduko, ordezkaritza lortu duten alderdi guztietako zerrendaburuekin hitz egin du Kronikak, emaitzen balorazioa egiteko.
XABIER LERTXUNDI: «OSO POZIK GAUDE LORTUTAKO EMAITZAREKIN»
Lortutako emaitzarekin pozik agertu da Xabier Lertxundi, eta Hernaniren tamainako herrietan gehiengo absolutua lortzeko «zailtasuna» nabarmendu du: «Emaitzarekin oso pozik gaude, ospatzeko modukoak iruditzen zaizkigu, eta bihartik aurrera lanean jarraitzea tokatzen zaigu orain, ilusio haundiarekin gaude».
Lertxundik abstentzioaren gorakada ere aipatu du, eta «kezkatuta» agertu da egoerarekin: «Pentsatu behar dugu ea zergatik izan den hain abstentzio altua, eta lanean jarri beharko dugu. Kontuan izan behar da erakunde publikoek zer garrantzi duten, eta erakundeetan zeintzuk dauden aukeratzea ere oso garrantzitsua da. Abstentzioa hainbeste igotzeak kezkatzeko motiboak eman behar ditu».
Azkenik, lehentasunei buruz hitz egiterakoan, orain arteko lanari «jarraipena» emateko nahia adierazi du Lertxundik, eta zenbait proposamen mahaigaineratu ditu: «Hernaniko Udala erreferente bilakatu da Europa mailan gobernantza eredu berriagatik. Herritarrekin batera ari gara erabaki estrategikoak hartzen, eta bide horretatik jarraituko dugu, herritarrekin batera, gobernantza horretan sakontzen. Azpiegitura aldetik ere apustu potoloak egiteko asmoa daukagu, erdigunea berrituz, kultur azpiegitura berri bat eginez, lur azpiko parkina gauzatuz... Horiek abian jarri behar ditugu bihartik aurrera».
ANDONI AMONARRAIZ: «EZ DA ESPEROTAKO EMAITZA IZAN»
Sorpresaz jaso du Andoni Amonarraizek, EAJ-PNVren hautagaiak, zenbaketaren emaitza. Motz motzean egin du balorazioa, eta «Hernani hobetzen» jarraituko dutela adierazi du: «Nahiz eta emaitzak ez izan esperotakoak, zinegotzi kopurua mantendu dugu. Hemendik aurrera, oposiziotik lanean jarraitu behar dugu Hernani hobetzeko, orain arte egin dugun moduan».
RICARDO CRESPO: «ABSTENTZIOAREN DATUA IKARAGARRIA DA»
Harrituta harrapatu du Kronikak Ricardo Crespo, PSE-EEren zerrendaburua. Lortutako emaitzak zapore gazigozoa utzi du sozialisten irakurketan: «Nahiko harrituta nago. Egia da espero genuela hirugarren zinegotzi bat ateratzea, orain dela lau urte nahiko hurbil geratu ginen, eta uste genuen lortuko genuela, baina ezin izan da. Horregatik harrituta gaude, eta ezin gara pozik egon». Hirugarren zinegotzia lortu ez duten arren, hirugarren indarra izatera itzuli da PSE-EE: «Egia da hirugarren indarra garela, hirugarren alderdi bozkatuena, eta leku hori berreskuratu dugu. Hala ere, ezin gara pozik egon, gainera abstentzioa ikaragarria izan da, eta uste dut alderdi guztiek egin behar dugula hausnarketa zergatiak topatzeko».
Abstentzioaren gorakadak «asko arduratzen» du Crespo, eta «bide berrien beharra» nabarmendu du: «Alderdiok pentsatu beharko dugu ea zergatik den, eta agian beste bide batzuk topatu behar ditugu jendeak politika hurbilago sentitzeko. Abstentzioaren datua ikaragarria da, ez dago beste hitzik».
Datozen egunetan lortutako emaitzaren irakurketa egingo dute sozialistek: «Taldean aztertu behar ditugu emaitzak. Hirugarren indarra izateak gogoa eta ilusioa gehitzen dizkigu aurrera jarraitzeko, gogotsu gaude legealdi berria hasteko».
JAIONE ARISTREGI: «EMAITZAK NABARMENTZEN DU HERNANIKO MAPA POLITIKOAREN PARTE GARELA»
Hirugarren indarra izatetik laugarren indarra izatera pasa da Elkarrekin Podemos, baina aurreko pausuen berrespen modura ulertzen du aurtengo emaitza Jaione Aristregi hautagaiak: «Emaitzak berresten du Hernaniko mapa politikoaren parte garela. Jendeak uste dut ulertu duela badagoela politika egiteko beste modu bat, ez hain agresiboa, lokatzetara jaitsi gabe eta liskarretan sartu gabe lan egiteko balio duena». Orain arteko legegintzaldia «zaila» izan dela nabarmendu du, gehiengo absolutuak ez zaizkiolako «onak» iruditzen: «Oso zaila izan da azken lau urteetan gehiengo absolutu batekin lan egitea, eta horrek jarraipena izango du. Nire ustez gehiengo absolutuak ez dira onak herriarentzat».
Aristregik ere abstentzioaren datuan jarri du azpimarra: «Datua oso oso altua da, eta sekulakoa iruditzen zait. Ia herritarren erdiak ez dauka interesik bozkatzera joateko, eta uste dut oso garrantzitsua dela. Bozkatzen dugunean egiteko moduak hautatzen ditugu, eta pena da jendeak ez parte hartzea. Jendeak bozkatzea sustatu behar dugu».