Txakolin Eguna ospatuko dute ekainaren 3an, Santa Barbaran

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 00:00

Hernanin tradizio haundia duen ekitaldia antolatu du Santa Barbara elkarteak, Iturriaga kaleko 12. zenbakian.

Urtero bezala, ekaineko lehen larunbatarekin batera, Hernanin tradizio haundia duen ekitaldia antolatu dute Santa Barbara elkartean, Iturriaga kaleko 12. zenbakian: «2023ko Txakolin Eguna egingo dugu, Euskal Herriko kostaldean hain estimatua den edari fresko horren bueltan dagoen kulturaz eta giroaz gozatzeko».

Ekainaren 3an eguerdiko 12:00etan irekiko dira elkarteko lorategiko ateak eta bertara joaten direnek 14:00ak arte gozatu ahal izango dute txakolin mota desberdinez. Lau txakolindegitako txakolina izango da aurten aukeran dastatzeko: Agerre, Ameztoi, Basa Lore eta Gaintza. Horretarako edalontzia erosi behar izango da 6 euroan, eta txakolinarekin batera elkarteko bazkideek prestaturiko mota askotako pintxo goxoak eskainiko dira mokadu gisa.

1994. urtean abiatu zen Txakolin Eguna Santa Barbara elkartean, orduko bazkide batzuen ekimenez. Geroztik ibilbide luzea egin du. Lagun arteko solasaldiak eta giro aparta izaten dira egun honen ezaugarri nagusia. Santa Barbara elkartetik bazkide eta herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte parte hartu dezaten.

 

San Joanetako Haurren 
Danborradako entseguak ekainean hasiko dira

Bestetik, aurten ere San Joan jaietan Santa Barbara elkarteak Haurren Danborrada antolatuko du ekainaren 24an, Etxeberriko danborradarekin batera.

Entseguak ostegunetik, ekainaren 1etik 21era egingo dira, Astearte, asteazken eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara Santa Barbara elkartean bertan. Ostegunean, elkartean bertan, eman daiteke izena, entsegura azaltzean. Bost urtetik gorako haurrek hartu dezakete parte danborradan, eta elkartean badituzte jantziak eta materialak. «Aurten bultzada berezia eman nahi diogu, eta animatu nahi ditugu herriko haur eta gaztetxoak gozatu dezaten egun horretaz».

 

Helduen danborrada

Helduen danborradako entseguak ere astearte, asteazken eta ostegunean izango dira, haurren entsegua eta gero. Ekainaren 1ean eman daiteke izena (ez da beharrezkoa elkarteko bazkidea izatea) eta ekainaren 6tik 21era izango dira entseguak.

 

Bittor eta Dani, museko txapelketan txapeldun

Azkenik, pasa den ostiralean, jokatu zen elkarteko mus txapelketaren finala eta aurtengo txapeldunak Bittor eta Dani izan dira. Giro ederra izan dute txapelketa osoan zehar eta eskerrak eman nahi dizkiete elkartetik bertan parte hartu duten guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!