Zein gai da hau: euskaldunak Hernanin?, Hernanin bizi garenon lan-baldintzak edo bizi-baldintzak, edo matxismoa eta feminismoa Hernanin, edo aldaketa klimatikoaren ondorioak, edota munduko ia kontinente guztietatik etorririk Hernanin bizi direnen bizi-baldintzak eta arazoak idazgaitzat hartzea oso ulergarria eta interesgarria izan liteke, edota hauteskunde garaian gaudenez, alderdi politikoen azken helburu eta egungo praktika kudeatzailearen arteko (in)koherentziez edota hauteskunde ekitaldien absurdoaz mintzatzeko –hainbeste diru norberaren programa defendatzeko baino gehiago beste hautagaiak larrutzeko eta belzteko–, baina euskaldunak Hernanin: zer gai da hori?, ez al da Udala UEMAn sartu berri?, ez al ditugu euskaldunok Hernanin eskubide guztiak bermatuak, eta euskaldun gisa bizimodu duina ziurtatua? –erdaldunenak bai; eta, herri berean, Hernanin, euskaraz egin nahi dugunon eta erdaraz egiten dutenen artean, oreka lor liteke, egoera hain desorekatua denean?–, ez al dago gure borondatearen gain guztia?
Lehenik, euskaldunon egunerokoa Hernanin gaitzat hartzea justifikatu beharko dut. Zerk bultzatu nau sujet hau hartzera?, maiatzaren 28ko udal bozak direla eta, postontzian utzitako liburuxkak irakurri eta ez dut euskaldunon gainean hitz erdirik aurkitu. Norbaitek pentsatuko zuen honezkero, bere artean, normala!: Palentzian, kasu, hauteskunde programa edo propagandan inork palentziarrek espainol gisa dituzten arazoez ezer irakurtzeko aukerarik izango al zuen? Vox-ena ez bada! Baina Hernanin euskaldunak baditugu arazo linguistikoak palentziarrek ez dituztenak, eta, halere, berriro diot, ez dut hitz erdirik irakurri hauteskunde literaturan.
Garbi utz dezadan aurrera jarraitu aurretik: Udalak UEMAn izena eman izana aurrerapausotzat jotzen dut; hala da eta! Alabaina, tamalez, horrek ez du zertan, besterik gabe, eragin handirik izan, hernaniarron egunerokoan, Hernaniko kaleetan eta bulego administratiboetan ere, kasu, Postetxean, edo Ertzaintzaren komisarian –suertea behar da horietan euskaraz egin ahal izateko–. Horietara ez dugula maiz jotzen eta ez direla oso garrantzitsuak?, baliteke, baina zenbat arlotan gertatzen zaigu: euskaraz bai, baina neurri bateraino, muga batzuetaraino bakarrik egin dezakegula; sarri askotan, nahitaez, gaztelaniara jo beharra dugula.
Pako Sudupe Elortza