Milaka langilek 80 dezibeliotik (dB A) gorako zaratekin egiten dute lan, horrek entzumenaren galera eragiten die eta erretiroan audifonoak behar izaten dituzte komunikazio eta harreman sozialak mantentzeko. Haserretu egiten naiz, ikustean, pentsiodun askok euren aurrezkiak gastatu behar dituztela audifonoak erosteko, epekako ordainketa planekin askotan, protesi edo audifono horietako gehienak mutuek doan eman beharko lituzketenean. Entzumenaren galera edo hipoakusia gehienak giro zaratatsuan lan egin izanaren ondorio dira, isilean entzumena kaltetu du zaratak. Hori dela eta, onartezina da Prebentzio Zerbitzuetako medikuen jarrera, entzumenaren galera zer den ondo ezagutzen baitute, urteko osasun zaintzaren bitartez. Lehenengo, frekuentzia altuen galerak hautemanez eta, geroago, elkarrizketarako galerak, 1299/2006 Errege Dekretuak ezartzen duen susmoa jakinarazteko betebeharra betetzen ez duten bitartean. Jarrera horrek zarataren prebentzioan iruzurra eragiten du eta eraginpean dauden pertsonek laneko gaixotasuna aitortzeko aukera galtzen dute baita mutuen aldetik 2.156 eta 4.289 euro arteko kalte-ordaina jasotzekoa. Behin laneko gaixotasuna aitortuta, protesia edo audifonoa mutuaren kontura, doan, emateko eskubidea dago. Duela hamarkada bat baino gehiago, Euskadiko Prebentzio Zerbitzuetako mediku batzuek, beren burua justifikatu behar izan zuten hipoakusiengatik egindako susmo jakinarazpen ugari egitegatik. Iruzurrezko jardunagatik, lesioak ezkutatuz, sindikatuen mehatxuak eta salaketak jaso izanaren ondorio zirela esanez, (zer nolako lotsa gutxi, legea sindikatuen mehatxuak direla eta betetzen dutela onartzean), hori bada langileek jasaten duten kalte bikoitza saihesteko bidea, hau da, prebentzio eskasak eragindako lesioa ezkutatu eta mutuak kalte-ordaina ez ordaintzea eta entzumen-lesioari dagokion protesia ez ematea saihesteko bidea, dagokion erantzuna izango dute.