Belatetik Labaienera ibilbidea, milaka eta milaka urtetako zohikaztegiak ezagutuz

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00

Milaka eta milaka urtetako zohikaztegiak topatuko ditugu ibilbidearen hasieran, Belatetik abiatu eta berehala.

Datorren igandean egingo dugu hurrengo irteera, Mendiriz Mendik antolatuta; eta Belate eta Labaien arteko ibilbidea osatuko dugu, 18 kilometrokoa. Balio ekologiko haundiko tokiak daude, eta zohikaztegiak dira aipagarrienak.

Nafarroara joango gara berriro datorren igandean, maiatzaren 14an, Mendiriz Mendik antolatutako hurrengo irteera egiteko. Belatetik Labaienera joango gara, 18 kilometroko ibilbidea eginez, 400 metro gorantz eta 800 metro beherantz eginda.

Eragin atlantikoen eta mediterraneoen elkargunea da Belate. Hori dela eta, balio ekologiko handiko tokiak ditu, eta denetan aipagarrienak zohikaztegiak dira. Zohikaztegiak duela milaka eta milaka urte sortutako hezegune bereziak dira, eta garai haietako paisaiaz eta klimaz informazio ugari ematen dute. Nafarroan hobekien kontserbatutakoa hemen aurkitzen da. Hesi batez inguraturik, zingira moduko baten itxura du, goroldioz eta landarez estalia. Milaka urte ditu, eta hainbat metrotako lodiera. Bere barnean gordeta dauden landare-hondarrek, aukera ematen dute jakiteko nolakoa zen azken glaziazioaren garaiko paisaia eta klima. Ekosistema guztietan bezala, landareak zohikaztegien oinarria dira, eta hemengoan goroldioak dira nagusi. Faunari dagokionez, mota guztietako intsektuak eta anfibioak bizi dira, hala nola uhandre palmatua, baso-igel gorria eta apo arrunta.

Mendate honek lotzen ditu Kantauriko kostaldeko mendikateak Piriniotako mendikatearekin. Aldi berean, uraren banalerroa da. Izan ere, ur batzuk Kantaurian itsasoratzen dira eta beste batzuk Mediterraneoan.

Nonahi ikusiko ditugu hariztiak, pagadiak eta gaztainondoak. Jakin Nafarroako gaztainondo populaziorik onenetako bat inguru honetakoa dela. Hiru zuhaitz mota horiek silize ugariko lurzoru fresko eta emankorrak dituzte gustuko. Plazer hutsa da zentzumen guztientzat zuhaitz horien itzalpean ibiltzea.

Leurtzako bi urtegiak XX. mendearen hasieran eraiki ziren, eta energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen dira, altueran 250 metro beherago dagoen zentral hidroelektrikoan. Ireki zituzten urtegia eraikitzeko materialak garraiatzeko pista bat, gaur egun asfaltatuta dagoena, eta harrobi txiki bat inguruan. Beheko urtegia inguratuz, ikusgaitasun gutxiko jendearentzat egokituta dagoen ibilbidea dago. Bi kilometro ingurukoa da, urtegiari buelta osoa ematen dio, eta braillez idatzitako argibideak ematen dituzten kartelak daude jarrita.
 

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

Belate mendatea igaro eta kilometro bat aurrerago dagoen gasolindegi zaharretik hasiko dugu ibilbidea. Pista batetik igo eta etxe baten albotik igaro ondoren, ezkerrera egiten duen lurrezko pista bati jarraitu behar zaio. Berehala iritsiko gara zohikaztegira. Zohikaztegia hesi batez inguratuta dago, babes gisa. Pistari jarraituta, bailara batetik igoera xume bat egin ondoren, lepo batera iritsiko gara. Igoera honetan iturria dago, ura hartu nahi badugu. Lepoan pisten bidegurutze bat dago. Eskuineko pista hartu behar da. Ia altuera galdu edo irabazi gabe, lau pista elkartzen diren bidegurutze batera eramango gaitu. Bertan ezkerreko pista hartu behar da, eta igoera xume eta luze bat eginez Putzuetako gaina gailurrera iritsiko gara. Belazeetatik behera egin eta pista batera iritsiko gara. Pistak bidegurutze batera eramango gaitu. Ezkerrera egin eta borda baten alboan bidezidor bihurtzen da. Bidezidor horrek Sanmigelargain gailurra bere ezker aldetik inguratzen du. Baso barrutik tarte bat jaitsi ondoren, pista batera iritsiko gara. Pista horri jarraituta, aterpe bat dagoen lepo batera eramango gaitu. Hemendik Zumardena lepo aldera joan behar da. Tarte horretan Mugasoro eta Pittotzar trikuharrien albotik igarako gara. Lepotik, bidezidor bati jarraituz, Leurtzako urtegira jaitsiko gara. Bertan dagoen atsedenlekuan egingo dugu hamaiketakoa.

Urtegitik irten eta bideak gora egiten du. Tarte txiki batean ia 200 metroko desnibela igotzen da. Aldapa amaitu ondoren, metro batzuk aurrerago, lepo batera iristen da. Hortik, Beintza-Labaien herrira jaistea soilik geratzen da. Ia 400 metroko desnibeleko jaitsiera da, eta nahiko azkar egiten da. Bertatik Labaien herrira hurbilduko gara. Azken zati hau errepideari jarraituz egiten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!