Sagardoaren Txapelketako azken jardunaldia, etzi

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
Lehenengo postuan jarraitzen dute Goikoetxeak eta Barrenetxeak.

Oso estu daude kontuak sailkapenean, eta azken jardunaldian erabakiko da zeintzuk izango diren finalaurrekoetan. 

Bukaerara iristear da Sagardoaren Txapelketako ligaxka. Astelehenean jokatuko da azken jardunaldia, eta bertan erabakiko da zein bikotek osatuko dituzten finalerdiak. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera bi partidu ikusteko aukera izango da Galarretan: Ezkurra II-Zubiri/Segurola-Juanenea eta Urriza-Martirena/Aldabe-Azpiroz. 

Sailkapenari dagokionez, zenbait kontu argitu dira dagoeneko. Pasa den astelehenean Ansa eta Zaldua (Aburuza) aurrera egiteko aukera gabe geratu ziren, Ezkurra II.ren eta Zubiriren aurka galduta. Gainontzeko bikoteek lanean jarraitu beharko dute, oso estu baitago sailkapena: Goikoetxea V-Barrenetxea IV bikotea (Oialume Zar) da liderra 10 punturekin, baina puntu kopuru berdina dute Ezkurra II.k eta Zubirik (Gurutzeta x Txuleta). Hurrengo hiru bikoteak, Alorrenea, Bereziartua eta Petritegi,  8 punturekin berdinduta daude. Beraz, azken jardunaldian erabakiko da guztia. 

Herriz herriko partiduak Villabonan jokatuko dira

Sagardoaren Txapelketarekin batera, martxan jarraitzen du Herriz herrikoak. Gaur jokatuko dituzte partiduak, Villabonan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Lehenengo partiduan Irazu eta Odei arituko dira, Zaldua II.ren eta Eskuderoren aurka. Bigarren partiduan, berriz, Ansa II-Zaldua bikoteak Goikoetxea V-Azpiroz bikotearen aurka jokatuko du. Bi partiduak formatu berrian jokatuko dira, 3 setera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!