«Azken jardunaldietan emaitza onak lortu ditugu, eta konfiantza daukagu gure esku dagoena ondo egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
Axel Sanz eta Xabier Jauregi Zubipen, Kronikarako elkarrizketan.

Azken jardunaldira igoera fasean sartzeko aukerarekin iritsi da Hernani, eta Elgoibarren bisita jasoko du 17:30etan. Norgehiagoka erabakigarriaren atarian, Axel Sanz eta Xabier Jauregi 'Jota' jokalariekin hitz egin du Kronikak.

Azken jardunaldia iritsi da, eta aukera duzue igoera fasean sartzeko. Zer moduz zaudete?

AXEL: Ondo gaude. Maiatzeko partiduetan emaitza txukunak lortu ditugu eta aukerekin iritsi gara azken jardunaldira. Ea gure lana ondo egiten dugun, eta Zumaiakok Oiartzuni irabazten dion, igoera fasera sailkatzeko. 

JOTA: Egia da bigarren itzulian ez garela oso fin ibili, baina oraindik aukerak dauzkagu aurrera egiteko. Nahiz eta ez dagoen guztiz gure esku, azken unera arte lanean jarraitu beharko dugu. 

Oiartzunen emaitza txarraz gain, irabazteko beharra duzue gaur. Nolako partidua espero duzue? 

A: Elgoibar oso talde serioa da, gol gutxi jasotzen ditu, defentsa lanean gogor aritzen da eta asko zaildu izan dizkigu partiduak azken urteetan. Guk gurea egin behar dugu, eta taldea baikor dago horretarako; azken 4 jardunalditan 3 garaipen lortu ditugu. 

J: Begi bat Zumaian edukiko dugu, baina ez badugu gure lana ongi betetzen bost ajola gainontzeko guztiak. Kontzentratuta dago taldea, eta lanean jarraitzea tokatzen da. 

Sari txukuna jaso dezake hirugarren postuan amaitzen duenak, ezta?

A: Bai, hala da. Oraindik erabakitzeke dago hirugarren mailan bi plaza gehiago sortuko dituzten ala ez, eta, horren arabera, posible da igoera fasera sailkatzen direnek saria jasotzea. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Bestela Errege Kopako aurrekanporaketa ere izango genuke, eta hori oso polita da. 

Lehenengo postuan iritsi zineten 2023ra. Zer gertatu zitzaizuen gero? 

A: Nik uste dut guztia elkartu zitzaigula. Gauzak ez zitzaizkigun ateratzen; lehenengo itzulian partiduak pareko zeudenean gure aldera erortzen ziren, eta bigarren itzulian ez ginen hain gaizki ari, baina beste aldera joaten ziren puntuak. Zorte apur hori, dinamika on hori, ez genuen hartu. Gainera, pare bat lesio eta baja izan genituen tarte horretan, eta taldearen maila pixka bat jaitsi zenaren sentsazioa daukagu.  

Ñabarduretan joan zaizkizue puntuak, beraz.

J: Bai, eta dinamika txarrean zaudenean ez da erraza buelta ematea. Aspektu mentalak garrantzi haundia izaten du halako denboraldi luze batean, eta asko iraun du gure bolada txarrak. Lehenengo itzulia oso ondo bukatu genuen, sendo geunden, baina gauzak okertzen hasi zirenean ez genuen jakin azkar aldatzen. Orain sentsazioa hori da, berandu xamar eman diogula buelta; hala ere, hortxe gaude, aukerekin, eta horretan jarraituko dugu. 

A: Horrez gain, liderrak izateak ere eragina dauka aurkarietan. Lehenengo postuan dagoen taldearen aurka motibazio maila haundiagoarekin jokatu ohi da, eta beste modu batera egiten zaio aurre partiduari. Horrek eragina izan du bigarren itzulian, aurkariak atzerago kokatu direlako, ohiko planteamenduak aldatuta. 

Jardunaldi dexente irabazi gabe pasa eta gero, aukera mantentzen duzue. Gainontzeko taldeei ere irabaztea kostatu zaienaren seinale...

A: Oso liga berdindua da. Jaitsiera postuak ere azken jardunaldietara arte egon dira kolokan, eta goiko postuetan puntu gutxiren bueltan ibili gara lehenengo zazpi taldeak jardunaldi askotan. Kategoria gogorra eta berdindua da; Añorga, Oiartzun, Elgoibar, Amaikak Bat... Denok dugu antzeko maila, eta ez nuke esango inor bestea baino hobea izan denik. Vitoria da salbuespena; Eibarren filiala izanik, talde luzea daukate eta denboraldi guztian mantendu dute maila fisiko altua.

J: Maila honetan edozeinek irabazi diezaioke edozeini, eta alderantziz. Aurten bereziki parekatua egon da kategoria, aurreko denboraldietan lehenago markatu izan dira goikoak eta behekoak, baina aurten bereziki estu egon da. Azkenean, horren erakusle da gu oraindik hortxe egotea, taldeen parekidetasuna erakusten du. 

Suposatzen dut eskertuko duzuela halako egun batean jendea Zubipera jaistea.

A: Noski. Beti eskertzen da herriko jendea jaistea, eta zer esanik ez irabazteak ekar dezakeen saria zein den jakinda. Uste dut herriko jendeari gustatuko litzaiokeela Errege Kopako aurrekanporaketa hemen jokatzea, edota herriko taldea hirugarren mailan ikustea. Euren bultzada beharko dugu Elgoibar bezalako talde gogorrari aurre egiteko; horregatik, bertan egotera gonbidatu nahi ditugu, bultzada oso lagungarria izango delako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!