«Warhammer 40K jokoa bera, aitzakia da figuratxoak montatu eta margotzeko; zoragarria da horiek ikustea»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
2019ko jaietan, Sagardo Bowl txapelketa antolatu zuen Distopia Gamesek.

Mendekosteetako W40K Txapelketaren lehenengo edizioa jokatuko dute gaur goizean, Distopia Gamesek antolatuta. 20 lagun ariko dira, partida luzeetan; eta ikusgarria izango da bertaratuentzat, figuratxoen edertasunagatik.

Txapelketa berezia antolatu du Florida-Etxeberriko jaietan, beste behin, Distopia Games dendak: Mendekosteetako Warhammer 40K Txapelketa jokatuko dute gaur, egun osoan zehar.

Rol jokoa da W40K, eta miniaturazko figuratxoekin jokatzen da. «Plastikozko edo erretxinezko irudi txikiak izaten dira, 35 milimetrokoak; eta desmontatuta erosten ditu jendeak, gero norberak montatu eta margotzeko, bere gustura. Horiekin jokatzen dute gero. Maketagintza tradizionala bezala da, baina joko batera bideratutakoa», azaldu du Iker Inzak, Distopia Gameseko arduradunak. Fantasiazko mundu batean dago girotuta jokoa, eta beraz, mota guztietako figuratxoak izaten dira: «basoko piztiak, teknologia aurreratuko ejerzitoak, estralurtarrak...».

20 lagun ariko dira gaurkoan, eta bikoteka jokatuko dute. «Egun osoa emango dugu jokatzen; izan ere, partida luzeak dira, hiru ordu ingurukoak. Hiru partida jokatuko ditu bikote bakoitzak. Puntuak pilatzen joango dira partida bakoitzeko, eta puntu gehien lortzen dituzten bikoteak, elkarren kontra ariko dira hurrengoetan». Bikote onenek sariak izango dituzte, produktuak zozketatuko dituzte guztien artean, eta zorterik izan ez dutenei, egurrezko goilarak emango dizkiete.

Txapelketa bera, erakusketa moduko bat

10 bikote ariko dira jokoan, baina ikustera gerturatzen direnek ere, gozatuko dute txapelketaz. Izan ere, erakusketa moduko bat da txapelketa bera, 40-60 figuratxo eramango baititu bakoitzak: «Gehienetan, joko honetan aritzen garenontzat, jokoa bera aitzakia izaten da, miniaturak montatu eta margotzeko. Artisau lan txikiak dira, azken batean. Batzuek ez diote hainbesteko garrantzirik ematen, jokoa inporta zaielako bereziki; baina beste batzuentzat, figurak margotzea da bizigarria, eta 30 edo 40 ordu pasa ditzakete figura bakoitza egiten. Erakusketak ere egiten dituzte, figuratxo horiekin. Oso ondo zaindutako kolekzioak izaten dira, eta zoragarria da horiek ikustea», dio Iker Inzak.

Hain justu, ondoen margotutako ejerzitoarentzat izango da gaur banatuko duten sarietako bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!