Auzo elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, igandeko sagardo dastaketari saltsa jartzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00

Iazko Interjaiak lehiaketako epaimahaikideak, auzo elkarteek bakailuarekin prestatutako platerak dastatzen.

Bigarren edizioa izango du Interjaiak sukaldaritza lehiaketak bihar, eta zazpi auzo elkartek hartuko dute parte. Osagai berdinak erabilita, ahalik eta plater goxoena prestatu beharko dute... baina bihar arte ez dute jakingo zein diren osagaiak.

Badago Hernanin, azkeneko urteotan, auzoen artean harreman eta saltsa pixka bat sortzeko joera bat, festetan. Zelabiden, esaterako, sokatira txapelketa egiten dute urtero, eta ez da txantxetarako kontua izaten! Denek nahi izaten dute txapeldun izan, kosta ahala kosta...

Indarretik baino, abileziatik jo dute Florida-Etxeberrin; zehazki, sukaldatzeko abileziatik: Interjaiak sukaldaritza lehiaketa antolatu zuten joan den urtean aurrenekoz, eta bigarrenez egingo dute aurten. Bihar eguerdian izango da hori, sagardo dastaketari saltsa jartzeko.

«Azkeneko momentuan antolatu genuen lehiaketa, aurreko urtean. Izan ere, pandemia zela eta, ez genekien jaiak egiterik izango genuen ere. Baina gonbidapena luzatu genien auzo elkarte guztiei, eta sei animatu ziren parte hartzera». Lizeaga auzoak jantzi zuen txapela, aurreneko edizio horretan. Beste horrenbeste auzo elkarte izango dira aurten ere.

Izango du nobedaderik, lehi­a­ketaren bigarren edizioak. «Au­rrenekoan, bakailuarekin su­kal­datu behar izan zuten auzo el­kar­teek, bakoitzak nahi zuen pla­tera, ahalik eta goxoena. Baina aurten, sekretuak izango dira osagaiak, lehiaketaren unera arte ez dute jakingo zein diren. Osa­gai berberak emango dizkiegu denei, eta horiekin, prestatu beharko dute gustukoen dutena edo ondoen ateratzen zaiena», azaldu dute Mendekoste Jaietako jai batzordeko kideek.

Epaimahai lanetan, berriz, bi sukaldari arituko dira: Henry Occelli, urtetan Luis Irizar sukaldaritza eskolan irakasle izandakoa; eta Fede Pacha, Luis Irizarren irakasle izana eta gaur egun Diametro 200 eta Lurra Cafe jatetxeen arduradun dena. Beraiek arduratuko dira plater guztiak dastatzeaz, eta aurtengo txapela zeini dagokion erabakitzeaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!