Mendekoste Jaiak danbor hotsen erritmora, Hernaniko auzoetako festei hasiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
Haurren danborrada izango da gaur goizean, atzo gaueko helduen danborradari erreleboa hartuta.

Atzo hasi ziren Florida-Etxeberriko jaiak, eta asteburu osoan zehar izango da zerekin gozatua. Bereziki egun potoloa da gaurkoa: haurren danborrada aterako da kalera, paellada eta afari herrikoia egingo dituzte, eta ez dira faltako bingoa, musika, apar festa eta txapelketak.

Bukatu da itxaronaldia, eta hasi dira Hernaniko auzoetako festak! Atzo bota zuten txupinazoa Florida-Etxeberri auzoan, aurtengo Mendekoste Jaiei hasiera emateko; eta horrekin, urtero bezala, ia etenik gabeko haria hasi da josten Urumea bailaran, ia astebururo izaten baitira festak herri edo auzoren batean.

Ez diete nolanahiko hasiera ematen Mendekosteei, gainera. Ohiturak agintzen duen bezala, helduen danborrada atera zen kalera atzo gauean, 23:00etan suziria lehertu eta berehala. Danbor hotsen erritmora ospatuko dituzte auzoko festak, atzoko doinuei segida emango baitie haurren danborradak, gaur goizean. 11:00etan aterako dira kalera, txarangaren laguntzaz, Etxeberriko kaleak alaitzera. Goizean izango da jubilatuen ohiko luntxa ere, jolas herrikoien ondoren. Eta patata tortilla lehiaketa ere egingo dute, sukaldari onena zein den erabakitzeko.

Paella-jatea eguerdian, eta herri afaria gauean

Oso goxoak egongo dira tortilla batzuk, eta beste batzuk... akaso ez horrenbeste. Baina ziur primerakoa izango dela bazkalordurako prestatuko duten paella. Izan ere, urtetako esperientzia daukate Mendekoste Jaietan, eta dagoeneko tradizio bilakatu da paella-jatea, Florida-Etxeberrin. Makina bat lagun bilduko dira mahaiaren bueltan, giro ederrean, goizean zehar jendaurrean prestatutako paella ederraz gozatzeko.


Arratsaldea ere ez da izango aspergarria, inondik inora. Hasteko, zita bana prestatu dute haur eta helduentzat: kirol jolasetan ariko dira gaztetxoak, Denontzatek antolatuta; eta musean helduak, Etxeberri Elkarteak antolatuta. Segidan, aparretan murgilduko dira haurrak, txokolatadarekin berrituko dituzte indarrak, eta Eriz Magoaren emanaldiarekin gozatuko dute familian. Bingo herrikoiak jarriko dio errematea arratsaldeari, herri afariaren aurretik. DJ Nemux arduratuko da musika jartzeaz, aurten ere; eta zezen suzkoarekin eta su artifizialekin borobilduko dute gaurko egun haundia.

Sagardo dastaketak erakarriko du jendea, azkeneko egunean

Bihar izango du segida festak, baina lasaiagoa izango da jaien azkeneko eguna. 11:00etan hasiko dute, hildakoen aldeko mezarekin; eta sagardo dastaketak erakarriko du jendea auzora, egu­erdian. Gainera, dastaketak iraun bitartean, Interjaiak su­kaldaritza lehiaketaren biga­rren edizioa egingo dute, eta osa­gai sekretuekin egin beharko du­te lan sukaldariek. 14:30etan eman­go diete bukaera jaiei, azkene­ko traka lehertzearekin batera.

 

MENDEKOSTE JAIAK 2023

FLORIDA-ETXEBERRI AUZOAN

GAUR, larunbata

09:00-19:00, Mendekosteen I. W40K Txapelketa, lehenengo blokeko arkupeetan

11:00, Haurren danborrada

11:00, Jubilatuentzako jolas ezagunak eta luntxa

13:00, Patata tortilla lehiaketa

14:30, Paella jana herrikoia

16:00, Mus txapelketa, Etxeberri elkarteak antolatuta

16:00, Kirol jolasak 4-15 urtekoentzat, Denontzatek antolatuta

Jarraian, Aparraren festa

18:00, Txokolatada haurrentzat

19:00, Eriz Magoaren emanaldia, Etxeberriko frontoian

20:00, Bingo herrikoia

21:00-00:30, Disko festa, DJ Nemuxen eskutik

21:30, Afari herrikoia, Etxeberriko frontoian

23:00, Zezen suzkoa eta su artifizialak

BIHAR, igandea

11:00, Meza nagusia, hildakoen omenez

12:00, Sagardo dastaketa (Zelaia, Itxasburu, Petritegi, Eula, Rufino, Zabala, Akarregi, Gurutzeta eta Elutxeta sagardotegiekin); eta Interjaiak II. Sukaldaritza Lehiaketa, osagai sekretuekin

14:30, Jaien amaiera eta azken traka

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!