Uholdeen aurrean seriotasunez jokatzeko eskatu du Podemosek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 00:00

Talde moreak dio ez duela ulertzen zein den Udalak Urak-ekin akordioa lortzeko duen arazoa.

Pasa den asteburuko uholdeak ekarri nahi izan ditu gogora Podemosek: «berriro ere ikusi behar izan dugu nola herriko kirol guneak, batez ere Landare, urez betetzen. Egia da, ur asko erori zela ordu gutxitan, eta Añarbeko presak ateak ireki behar izan zituela, ur gehiegi zegoelako». Eta jarraian, duela urte eta erdi izandako uholdeak ere aipatu ditu:  «azken uholdeak gertatu zirenetik, gure administrazioek ez dute ezer egin. Beno, bai,  gobernu talde honek 2016an aurkeztutako eta Urak-ek ezetsitako proiektu bat aurkeztu zuen berriro. Eta ez da bideragarria horma bat egitea».

Podemos ulergaitz agertu da, izan ere, dio, ez dutela ulertzen zein den Udalak Urak-ekin akordioak lortzeko dituen arazoak: «inbidia ematen digute inguruko herriek, hala nola, Astigarragak edo Martutenek, pixkanaka-pixkanaka lortzen baitute beren ibaiertzak egokitzea eta aisialdirako erabili ahal izatea».

Hori horrela, Elkarrekin Podemosek ondorengoa eskatu du: «seriotasun handiagoa eta, batez ere, erantzukizun eta inplikazio handiagoa; arazo hori konpontzeko esku hartu behar duten administrazioekin akordioak lortzeko. Ez dugu uste asko balioko duenik 2 milioi euro inbertitzea kirol-instalazioak txukuntzeko, urtero Damoklesen ezpata bezalako uholde-arriskua dugunean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!